Posts tagged ‘neoliberalak’

junio 18, 2013

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 1etik aurrera jarriko du martxan botikak bitan ordaintzeko sistema

Iturria: Berria.info – 2013/06/18

Pentsiodunek 8,14 euro eta 61,08 euro artean ordaindu beharko dute hilero, gehienez, 2011ko errenta aitorpenaren arabera. Jon Darpon Osasun sailburuak iragarri du neurria: “Ez gaude ados, baina auzitan erabakitakoa beteko dugu”. Urtean 16 eta 20 milioi euroko diru sarrera ekarriko duela aurreikusten dute.

Uztailaren 1etik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ere bi aldiz ordaindu beharko dituzte botikak. Jon Darpon Osasun sailburuak jakinarazi duenez, egun horretan sartuko da indarrean botiken berrordaintze sistema. Botikak bitan ordaintzeko sistema 16/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak neurri horri aurre egiteko dekretu bat onartu zuen, baina Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertako zenbait artikulu baliogabetu zituen. “Ez gaude ados, baina auzitan erabakitakoa beteko dugu”, jakinarazi du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

6/2012 Errege Lege Dekretuak agindutako baldintzak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Pentsiodunak botiken truke ordaintzen hasiko dira, betiere dituzten diru sarreren arabera. Botiken %10 ordainduko dute, baina hilean ezin izango dute ordainketa muga bat gainditu. Urtean 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten pentsiodunek hilean gehienez 8,14 euro ordainduko dute. 18.000 eta 100.000 euroko diru sarrerak dituztenek 18,32 euro ordainduko dituzte gehienez, eta hortik gorakoek 61,08 euro. Darponek esan du, hala ere, behin botiken berrordainketan dagokien mugara helduta ez dutela gehiago ordainduko.

Botikak bitan ordaintzeaz salbuetsita egongo direnak honakoak izango dira: sindrome toxikoa duten pertsonak, ezintasunen bat duten pertsonak eta haien araudi berezian jasota dagoenean, gizarteratze errentak edo kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituztenak, langabezi sorospena jasotzeko eskubidea galdu duten langabeek —egoera horretan dauden bitartean—, eta lan istripu edo gaitz baten ondorioz hartu beharreko botikak.

Langileen artean ere hiru talde ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak diru sarreren arabera, eta bakoitzak botikaren ehuneko zehatz bat ordaindu beharko du. 18.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek botikaren %40a ordaindu beharko du, orain arte bezala. 18.000 eta 100.000 euro bitartean irabazten duten langileek botikaren %50 ordainduko dute, eta hortik gorako diru sarrerak dituztenek %60a.

Kasu guztietan 2011ko errentaren aitorpenaren datuak kontuan hartuko dira, eta botikak hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da Osasun Txartel Indibiduala izatea. Txartela ez duten pertsonek ezin izango dituzte botikak hartu, eta haien egoera “erregularizatu” beharko dute, Osasun Sailak azaldutakoaren arabera.

Urtebete geroago

Patxi Lopezen gobernuak neurri horren kontra helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta Darponek esan du eurak ere ez daudela ados, baina auzitegietan erabakitakoa beteko dutela. Espainiako Gobernuak neurria onartu eta urtebetera ezarriko du Jaurlaritzak, beraz. Botikak bitan ordaintzeko dekretuarengatik nolabaiteko kalte-ordaina ezartzeari uko egin dio Eusko Jaurlaritzak, baina 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten pentsiodunen egoera aztertuko du datozen sei hilabeteetan. Hain zuzen ere, neurriarekin gehien “pairatu” dezaketen pertsonak direla uste du Darponek.

Botikak bitan ordaintzeko sistema ezartzeko, 422.000 euro inbertitu ditu Jaurlaritzak, eta urtean hamasei eta hogei milioi euroren sarrerak ekarriko dituela aurreikusten dute.

febrero 11, 2012

Mugimendu sozialen auzolana

Unai Oñederra (Unaionederra.wordpress.com)

 

Fumar mata. Horixe jartzen du tabako paketeetan. Eta jendeak erretzen jarraitzen du. Esaten dute momentuan bertan osasunean kalterik nabaritzen ez delako izan daitekeela. Kaltea epe luzera sortzen ei da, eta jabetzen garenerako askotan beranduegi izaten da. Berbera gertatzen omen da wifiarekin, mobilekin, uhin magnetikoekin…
Ur berotan egosten den Igelaren ipuinak dioena da: igel bat ez da inoiz sartuko irakiten dagoen uretan, sartzen duzun momentuan erre egiten baita eta jauzi batez ihes egiten baitu. Ur epeletan sartuta ordea, eta ura apurka-apurka berotuz, igelak egosita amaituko du, geroz eta erlaxatuagoa baitago ur epeletan, ura 100 gradura iristen denerako salto egiteko gaitasuna galduta.
Galdetu ekologistei ea ez den egia hori. 60. hamarkadatik ari dira esaten planetak mugak dituela, desarrollismo itsuak hondamendira eramango gaituela, baina ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitzen dugu. Petrolioa eta beste lehengaiak amaitzen ari dira, baina AHTarentzako piloitzarra etxe ondoan plantatuta aurkitu arte ez gara mugitzen.
Berbera esan dezakete feministek ere. Generoagatik ematen den edozein desberdintasunen aurrean, edo emakume bat erasotua den bakoitzean, pankarta atzean ez da nahi adina jende atzematen. Baina, hurrengoa zeu izan zaitezke! Modu berean xenofobiak gorantz egin arren, etorkinen kontrako neurri bat bestearen atzetik onartzen diren arren, kaleak ez dira betetzen. Hurrengoan zu izan zaitezke eta etorkina! Laguntza sozialak ere behera eta behera, eta mugimendu sozialetako jende prestuak ekintza ikusgarriak egin behar ditu argazkietan ateratzeko, ez baitute jende asko biltzea lortzen. Baina hurrengo baztertua zeu izan zaitezke eta! Zerrenda nahi adina luza daiteke  langabeekin, desjabetuekin, jazartuekin…
Sindikatuetan ere berbera gertatzen da askotan. Zaila da jendea mugiaraztea, eta askotan sindikatuak ezertarako balio ez duela pentsatzen du askok EREa berari egokitu arte.
Gehiengo sindikalak greba egin zuen 2009an esanez politikak aldatzen ez baziren murrizketak etorriko zirela, eta hala izan da: doikuntzak, murrizketak, lan erreformak, pentsio-sistemaren erreforma, Negoziazio Kolektiboaren erreforma…
Eta zer politika dira salatzen genituen horiek? Azken 30 urteetan aplikatzen ari diren erabakietaz ari ginen, neoliberalismoa deritzon horretaz. Erabakiak hartzen joan dira: merkatuak zabaldu, deslokalizazioak bultzatu, enpresa publikoak pribatizatu, behin behineko kontratuak sortu, ETTak martxan jarri, kapital eta enpresen errentei zergak barkatu, zerbitzu publikoak murriztu, eraikuntzaren burbuila elikatu… Erabakiak hartzen joan dira ekonomia guztia finantzen esku utzi arte.
Urak 100 ºC-ak lortu al ditu jada? Zenbatera gaude irakiten hasteko puntutik? Jauzia eman eta  lapikotik ateratzeko gai izango ote gara? Izango gara baldin eta jabetzen bagara ekologisten, feministen, langabeen, baztertuen, etorkinen, desjabetuen, langileen arazoek zuzenean ukitzen gaituztela. Ez dira besteen arazoak, nireak baizik. Ni gelditu naiteke urik gabe, gasik gabe, elektrizitaterik gabe. Ni izan naiteke indarkeria sexistaren hurrengo biktima. Ni izan naiteke hurrengo etorkina, ni hurrengo langabetua, ni hurrengo desjabetua, hurrengo baztertua. Zu eta ni oso hauskorrak gara.
Konturatzen bagara besteen arazo desberdin horiek nireak ere badirela; konturatzen bagara irtenbidea ez dagoela besteen esku, gu garela aldaketa eragin behar dugunak, orduan jabetuko gara borroka desberdinen arteko auzolana beste biderik ez dugula: borroka bakoitza bere baserriarekin, berea den horretan ekin eta ekin, besteek lan hori ezin baitute egin. Nork bere baserriak jori eta emankor mantentzeak egiten du herria bizi, eta baserrien arteko auzolanak emango digu indarra egiteko jauzi.

A %d blogueros les gusta esto: