Posts tagged ‘ikertzaileak’

enero 30, 2012

Eusko Jaurlaritzako bekadunek ez dute berea den dirua jaso

Gorka Julio (Teketen.com 2012-01.25)

 

Eusko Jaurlaritzako teknologo eta ikertzaile gazteen prestakuntzarako beken onuradunak hilabete daramate lanean bekei dagokien hiru hileko ordainketa jaso gabe. Gainera, prestakuntzara bideratutako dirua, aldez aurretik bekadunek ordaindutakoa, zor die Eusko Jaurlaritzak.

Azken egunetan prentsan berri ezberdinak azaldu dira Eusko Jaurlaritzaren fakturen ordainketaren blokeoaren inguruan. “Blokeoa aldi-baterakoa” eta “kenduta” izan dela irakurri ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko beka hauen onuradunok egoera horrela ez dela adierazi nahi dugu, errealitatea erabat ezberdina baita.

Aipatzen den moduan, “aginduak indarrean darrai” eta bekadunok aldez aurretik jaso beharko genuke hiru hileko ordainketarik ez dugu jaso. Ordainketa hauek abendu bukaeratik ari dira atzeratzen eta lehenengo azalpenak urtarrilaren erdialdera jaso genituen, arduradunak hainbat egun isiltasunean eman ondoren.

Urtarrila hasieran, kaltetuok Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzen hasi ginen odainketen atzerapenaren inguruan azalpen bat eskatuz. “Diruzaintzan egokitzeko arazoak egon dira, baina ez dute bekekin zerikusirik, dagoeneko konponduta dago” azaltzen zuten lehenengo adierazpenek. Hala ere, aste bat beranduago honakoa esaten ziguten: “Aurten, abenduaren 21ean Eusko Jaurlaritzako Ogasunak ordainketa guztiak blokeatu zituen. Prestatuta zeuden zuen ordainketen paper eta sinadurak, baina informatika-programa dela eta ezin izan ziren gauzatu”. Gainera, gu lasaitu nahian “badirudi aurrekontu-defizita egokitzeko blokeatu zituztela ordainketak, beste arazorik ez dago. Badago zuei ordaintzeko aurrekontua, baita dirua ere, baina ordainketen programa desblokeatu behar dute” esan ziguten.

Egun batzuk zain egon ondoren, kaltetuok lanera joaten jarraitzen dugu, inolako dirurik jaso gabe. Gainera, ezin dugu beste lan bat bilatu, laguntza hauek bateraezinak baitira beste edozein enplegurekin. Halaber, Eusko Jaurlaritzak arazoa noiz konponduko den zehaztu gabe jarraitzen du.

Kaltetuen taldearen eta Ikertzaile Prekarioak elkartearen izenean, egoera honi konponbide bat
eskatzen diogu. Eusko Jaurlaritzari, betetzen dugun lanaren ondorioz legez gurea den diruaren
ordainketa egitea eskatzen diogu. Onartezina da egoera hau gehiago luzatzea.

Kontaktua: becariosGV@gmail.com
Telefonoa: 668849584

A %d blogueros les gusta esto: