Posts tagged ‘EAE’

mayo 3, 2013

Enplegu gehiago ala lan gehiago?

Iturria: Endika Alabort / Berria – 2013/04/28

Lanaldiaren luzapena gero eta ohikoagoa da gure enpresa eta administrazio publikoetan, nahiz eta zenbait salbuespen izan. Estatistikak eskuan, 2011. urtean Hego Euskal Herriko urteko lanaldia 1.694 ordukoa izan zen; Alemaniak baino ia 280 ordu gehiago. Administrazio publikoa aztertzen badugu, Nafarroako Foru Erkidegoan, aurtengo lanaldia 1.592 ordutan mantentzea adostu da. EAEn, aldiz, 1.614 ordura handitu, martxoan Jaurlaritzak 35 orduko lanaldia alde batera utzi baitzuen, nahiz eta Legebiltzarra neurri horren aurka jarri den. Luzapen horiek eragin zuzena dute enpleguaren gain, eragin erabat negatiboak. Zenbait kalkuluren arabera, EAEko administrazioak lanaldia berriz luzatzearen ondorioz, 9.000 lanpostu galduko dira. Bai sektore publiko eta bai pribatuko enpresa askotan, lanpostua mantentzen dutenek kaleratutako langileen eginkizunak egiten dituzte: lanordu gehiago soldata berberagatik, hots, soldata jaitsi. Azken egoera hori uler daiteke langabeziak duen diziplina boterea dela eta.

Erakunde publiko zein pribatuen aldetik ez da inoiz aipatzen lanaldia murrizteko aukera. Badirudi gaur egun hori eskatzea alferren gauza dela. Agenda publikotik at uzten duten gaia da. 1886ko maiatzaren lehenean, zortzi orduko lanaldia eskatu zen, nahiz eta AEBetan ez zen onartu 52 urte pasatu arte. Depresio Handian, lanaldia murriztu, enplegua sortzeko eta aberastasuna banatzeko. Proposamen berriak izan dira, eta denbora nahikoa izan dugu horrelako neurriak aplikatzeko. 1980ko hamarkadan, eguneko lau orduko lanaldiak proposatu ziren; 1990koan, aldiz, asteko 35 orduak aldarrikatu ziren, gure administrazio publikoetan aplikatu dena aurten arte.

2011n, New Economics Foundationek 21 orduko lan astea sostengatzen duen proposamena egin zuen, elkar harremandutako hainbat arazo gainditzeko bidea erraztuz: langabezia eta lanaldi amaiezinen paradoxa, gainkontsumoaren arazoa, berotegi efektua sortzen duten gas emisio neurrigabeak kontrolatzea, ongizate gabeziari aurre egiteko proposamenak… Klima aldaketaren erronkari aurre egiteko indar handiko aldaketa litzateke, natur baliabideak babestuz. Gure bizitzaren erritmoa eraldatuko luke, gizatiarragoa eginez. Produkzioekonomia eta erreprodukzioekonomia birbanatzea exijitzen du, zaintzen ekonomiari balioa emanez, eta gizon eta emakumeen arteko lana era zuzen batean esleitzen. Etorkizuneko egoera honetara heltzeko ibilbide orria ez da erraza izango, baina egin beharreko apustua da.

Azken hamarkadetan produktibitatea areagotu da, produktu edo zerbitzu bat ekoizteko gero eta denbora gutxiago behar izanez. Hazkunde horrek babes dezake horrelako bidea hautatzea, baina arlo instituzionaletik ere kontrako bideak jarraitu dira, horren adibide argia krisi garaian administrazioen jokaera izanik. Gogoratu behar dugu 2008. urtean Europako Kontseiluak egindako proposamena, asteko 65 lanaldiaren alde eginez. Europako Legebiltzarrak atzera bota zuen neurria, baina badirudi egoera sozioekonomiko berri honetan balia daitezkeela atzeko atetik neurria aplikatzeko. Gizartea eta ekonomia zuzentzen duten interesek ez dute helburu moduan gizarte beraren onura. Horrela uler daiteke lanaldi handitzearen atzean dauden presioak, baita sektore publikoan ere.

Lanean denbora gutxiago emateak onura asko ditu, lehen esan den bezala. Baina eztabaidan planteatzen diren lehenengo erronkak hurrengoak dira: lan gutxiago, soldata gutxiagoren truke? Era proportzional batean murriztu beharko litzateke soldata? Edo ez murriztu? Planteamendu bat soldata handien murrizketa eta txikiak maila berean mantentzea izan daiteke, soldata horiek transferentzia publikoekin osatua izatea da. Kontuan hartzekoa da lanaldia ez bada zorrozki murrizten, poliki-poliki egiten baizik, enpresek lanaren produktibitatearen bitartez aurre egiteko aukera izan dezaketela, enplegu mailan eragin txikia izanik.

Gure etorkizuna kultura mota batetik bestera igarotzeko gaitasunean dago, non lan harremanak guztiak irabazteko planteatzen diren. Planteaturiko arrazoi guztiak har ditzagun, gizarteak bere osotasunean irabaz dezan.

Anuncios
Etiquetas: , ,
septiembre 16, 2012

«Hiru elekoarekin ez gaude ados, baina interesgarria da probatzea»

Iturria: Berria.info – 2012/09/16

Koldo Tellitu. Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Nafarroan eta Iparraldean murrizketek sortutako egoerarekin kezkatuta dago Tellitu; «urte korapilatsua» izan daitekeela azaldu du. Ikastolek Jaurlaritzaren plan batzuetan parte hartzea defendatu du, «interesgarri» iritzita.

Ikasturte gorabeheratsua espero du Koldo Tellituk (Barakaldo, Bizkaia, 1966), Ikastolen Elkarteko presidenteak: murrizketak, EAEko hauteskundeak eta Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma. Adostasunak lortzea ezinbestekoa dela nabarmendu du etengabe. Eskola akordioa lortzeko «apustua» ez egitea egotzi dio Jaurlaritza sozialistari. Defendatu egin du, ordea, haren planetan ikastolek izandako parte hartzea.

Datozen lau urteetarako itunen plana egin duzue Jaurlaritzarekin. Ratioetarako irizpideak gogortu dira.

Badakigu egoera ez dela erraza. Itunak lantzerakoan ratioak igo egin dira, eta zenbait ikastolatan gelak galdu dira. Talde moduan ez da izan hainbesterakoa, baina zenbait ikastolatan jipoi handia izan da. Gela bakoitzean dagoen ikasle kopurua handitu egin behar izan da, eta hori hezkuntzaren kalitaterako ez da batere ona.

Talde gutxiago, eta, beraz, irakasle gutxiago. Posturik kenduko duzue?

Posturik ez da galdu. Ikastolen oinarri sendoa da elkartasuna, baita lan alorrean ere. Ikastoletan lanposturik ez galtzea da gure asmoa. Ikastolaren batean mozketaren bat badago, langileak kokatuko ditugu beste ikastola batean.

Nafarroan are gogorragoa da egoera, eta zer esan Ipar Euskal Herriaz.

Tafallako ikastolaren kasua begiratu besterik ez dago. Nafarroako Gobernuarekin harreman gutxi dago, eta murrizketak gogorragoak izan dira. Elkartasun planteamendua Euskal Herri osorako da: Nafarroako ikastoletan ezer gertatzen bada, erkidegoko ikastolak hor daude. Mozketak Iparraldean ere izan dira; oso egoera gogorrean daude. Seaskako ikastolek murgiltze eredua dute, eta horrek gastu gehiago dakar. Beren kabuz aurre egiten dute aurrena, eta atzetik ikastolen mugimenduak, elkartasunez. Ez badugu lortzen Hegoaldeko erakundeek laguntzea, urte korapilatsua izango da.

Krisialdian, ulertzekoa da erakundeek sare publikoa lehenestea? Dikotomia sortu da bi sareen artean?

Ez daukagu hezkuntza osoa arautzen duen legerik. Gu hori aldarrikatzen ari gara. Hezkuntza zerbitzu publikoa da, eta egon daitezke administrazioaren ikastetxeak eta herritik sortutakoak. Garrantzitsuena ez da nor den jabea, baizik zer eskaintzen dion gizarteari. Guk ez dugu eskatzen administrazioaren ikastetxeen finantzaketa: gure kostuak asetzeko adinako diru kopurua behar dugu. Hezkuntza eskubidea lehenetsi behar dute gobernuek. Hortik aurrera, ez da egongo dikotomiarik. Lehia artifiziala izan da guretzat.

Agintaldia amaituta, zer diozu Isabel Zelaak Jaurlaritzan egindakoaz?

Azken eskola akordioa orain hogei urte sinatu zen, eta hezkuntza sare osoarentzako legerik gabe gaude. Zelaaren taldeak ere ez dio horri aurre egin. Beste lau urte pasatu dira. Onartu behar da hasieratik garbi utzi zuela ez ziola aurre egingo horri, ez zuela gehiengorik. Apustu partzialak egin ditu. Zenbait proiektu jarri ditu martxan, eta batzuetan adostasuna izan dugu. Elementu orokorra ez da ukitu, hala ere, eta guretzat hori txarra da. Egia esan, aurreko gobernuak gauza bera egin zuen; Anjeles Iztuetaren garaitik gauza gutxi ukitu dira. Gainera, mozketak jasan ditugu, oso gogorrak 0-3 zikloan. Orain bi urtekoa izan zen mingarriena, langileen murrizketa. Hitzarmena bizirik genuen, eta erdian jo gintuen Jaurlaritzak.

Gogor hasi zen Zelaa: Euskal Herria kontzeptua, euskara irakats-hizkuntza ez izatea… Gero leundu du jarrera.

Bat nator analisi horrekin. Egia esan, Euskal Herria kontzeptuari buruzko afera ez genuen ulertu, besteak beste sozialistak zeuden garaian etengabe erabili zelako. Argi zegoen sozialistek desadostasunak zituztela Tontxu Camposen dekretuarekin, ez soilik Euskal Herriari eta euskarari buruz. Baina ez zioten gaiari heldu; politika mailako kontuekin geratu ziren. Aukera bat galdu zen zerbait egiteko. Ordutik Zelaa egokitzen joan da jarrera. Erlazioak guztiz normalizatuak izan dira gurekin.

Hiru eleko eredua jarri du martxan, proba gisa. Askoren kritika izan da euskara orduak gutxitu egin direla. Eta ikastolak parte hartzen ari dira…

Esperimentazioa da, eta ebaluazio bat egingo da. Bi alde horiek egokiak dira. Ez da egitura aldaketa bat izan; ez da ezer aldatu. Argi dago: guk ez dugu bat egiten honekin. Beste agertoki bat aldarrikatzen dugu. Baina jakinda lau urtean ez zela legerik egongo, ez zela aldaketarik egongo, ez genuen bereziki gaizki ikusten esperimentazio fase batean egotea; interesgarria baita ikastolak egotea eta baloratzea. Oinarrian ez gaude ados, baina pentsatu genuen esperimentazioak elementu interesgarriak izan zitzakeela. Gainera, marko ezberdinak ziren sare publikorako eta itunpekorako: guk ez dauzkagu orduak neurtuta, baizik eta saioak. Askatasun maila bat ezarri zuten. Aukera horiek egonda, nahiz eta gure xedea marko hori ez izan, aukera bat zen.

D eredua geratu egin da Nafarroan.

Kezka nabarmena daukagu. Geldialdi batean sartu da. Uste dut eragile askok autokritika egin beharko genukeela Nafarroan gertatutako zenbait gauzaren inguruan. Gobernuak ondo egin du jokoa: TIL [ingelesa irakats-hizkuntza duen eredua] eta horrelako planak ondo saldu ditu. Euskalgintzan ari garen eragileok —eta ez soilik hezkuntzakook— aztergai dugu hori. Estrategia berriak behar ditugu buelta emateko. Azterketa sakon bat egin behar dugu, eta aurre egin horri, zeren oso kezkagarria baita geldialdi hori.

Bakerako Hezkuntza Planaren aurka agertu zineten, eta gero Bizikidetzarako Hezkuntzaren Aldeko Adierazpena sinatu duzue. Zer aldatu da?

Dena. Lehenengo planteamendua mundu politikotik etorri zen. Ez genuen inondik inora bat egiten. Geroko adierazpena lantzeko aukerak izan genituen, eta ados gaude dioenarekin. Abiapuntu bat da. Herri hau fase berri batean sartu da, eta behar-beharrezkoa da gertatutakoari buelta ematea. Guztien artean landu beharreko gaia da. Bakegintza era osoan aztertu behar da; era askotako biolentziak egon dira herri honetan. Ulertu genuen bizpahiru eragilek ez sinatzea. Egon ginen haiekin, eta esan genien lan bat dagoela hemendik aurrera eta garrantzitsua dela hor egotea. Lehen planteamendua politikoa zen, eta bigarrena, hezkuntzara bideratua.

Ezer gauzatu da argazkiaren ostean?

Makal doa. Erritmo politikoek beste zerbait agintzen dute. Datorren gobernuaren lana izango da.

Hezkuntza erreforma aurten onartzeko asmoa du Espainiako Gobernuak. Beldurrik bada ikastoletan?

Nola ez. Guztiz atzerakoiak dira planteamenduak. Gizartearen dualizazioa argi ikusten da: ibilbide ezberdinak, Lanbide Heziketa bigarren mailako ikasketa gisa… Horrek ikusarazten du gure herriaren arazo bat: esparru batzuetan gure hezkuntza arautu dezakegu, baina marko orokorra Madrildik edo Paristik inposatuta dator. Herri honetan PSE-EEtik ezker abertzaleraino inork ez du bat egiten planteamendu horiekin; bat egiten duen kopurua oso-oso txikia da gurean. Horrek azaleratzen du herri honek duen arazoa bere geroa erabakitzeko. Oso larria da. Ibilbideak eta kanpoko probak inposatuko dituzte, eta eragina izango dute ikasleengan.

Kanpoko probak aipatu dituzu. Kontrolerako bidea ez ezik, ikastetxeen rankingak egiteko erabiliko dituzte. Zer iritzi daukazu zerrendak egiteaz?

Eztabaida luzea da. Argi daukagu ebaluazio kultura falta dela hemen. Gu ebaluazioaren alde gaude. Askotan berba egiten dugu diru publikoa egoki erabiltzeaz; hori jakiteko, ebaluazioa ezinbestekoa da. Ebaluatzearen alde gaude, eta horrek ondorioak izatearen alde. Ranking esan behar zaie? Agian, ez da hitz egokiena. Ebaluazioaren ondorioak azter daitezke; adibidez, zerrendan baxuen daudenei laguntza gehiago ematea. Guk hori egiten dugu. Azken ebaluazioan ikusi dugunean ikastolaren bat ez dagoela behar den mailan, neurri bereziak hartu ditugu. Hori positiboa da.

Baina beste gauza bat da orain proposatu dutena: ikasle bakoitzak zuzeneko eragina izatea. Gu neurri kolektiboei buruz ari gara. Gizarteak jakin behar du zein ikastetxe dauden ondo eta zein ez. Kontuan izanda dena: ikasle motak daude, ez da berdin leku batean edo bestean egon… Europan badaude herriak hori badutenak, eta ez bereziki neoliberalak. Bigarren eztabaida da emaitzak publiko egin behar diren, eta hirugarrena, zein neurri hartu behar diren.

Erreforma hotsen aurrean, adostasunerako deiak nagusitu dira. Eragile bakoitza bere aldetik ari zarete?

Zenbait eztabaida sortzen dira hemen; baditugu mikrogatazkak. Bakoitzak bere helburuak ditu, ideologia… Zilegi da zenbait alorretan talka egitea, baina norabide orokorrean —emaitza hobeak behar ditugula, euskararen inguruko akordioak…— ados jarri behar dugu. Benetan behar bat dugu herri gisa aurrera egiteko. Egia esan, azken urteetan egoera ez da izan ona. Baina lortu behar dugu.

Orain urte batzuk, Oinarrizko Hezkuntza Akordioa sinatu zenuten, eta Euskal Curriculumaren bidea hasi. Urrun geratu dira garai haiek?

Agian bai. Argazki hura zoragarria izan zen: eragile mordoa batu ginen. Beharrezkoa da berreskuratzea. Bizpahiru erronka ditugu herri moduan —emaitzena, hezkuntza sistema propioa eraikitzea eta Euskal Curriculuma garatzea; euskara barruan dela—, eta ezinbestekoa da. Oztopo nagusia batzuetan publiko-pribatu dikotomia da. Gainditu behar dugu hori. Gizartearekiko, herriarekiko iritzi berak ditugun eragileok pauso bat eman behar dugu.

Euskal Curriculuma zertan dago?

Ikastolek garatzen segitzen dute. Fase esperimentalean dago. 2013-14an liburuak ateratzea da xedea.

Ikastolak beren aldetik ari dira lanean, beste eragile batzuk gabe?

Euskal Curriculuma oinarri hartuta, hein batean bakarrik geratu ginen. Azken bolada honetan Elkar argitaletxearekin sortu dugun Ikaselkar argitaletxea ari da aurrera eramaten lan hori. Ez da bakarrik curriculum berria, baizik eta gaitasunen inguruko planteamendu berritzaile bat; Europan ia ez dago horrelakorik. Sekulako inbertsioa izan da guretzat —Jaurlaritzaren lehen murrizketa izan zen, eta gure baliabideetatik ari gara—. Beti prest gaude beste eragileekin lanean aritzeko, esperimentazioan parte hartzeko… Guk une batean erabaki genuen ezin genuela utzi erdi hilda, aurrera eraman behar genuela. Ikastolen lehentasun nagusia da Euskal Curriculuma garatzea.

Madrilen birzentralizazioa mehatxua da Euskal Curriculumarentzat?

Bai, noski. Horrekin jokatu beharko dugu. Ikastolen hasierako garaitik ohituta gaude. Zer daukagu ona? Gaitasunetan oinarritutako hezkuntza Europatik datorren planteamendu bat dela, eta onartu egin beharko duela Espainiako Estatuak, Frantziakoak bezala. Horrek zabaltzen digu bidea.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
A %d blogueros les gusta esto: