«Langabezia gora doalarik, gehiago lan eginaraztea absurdoa eta kaltegarria da»

Iturria: Berria.info – 2013/10/16

JEAN-MICHEL HARRIBEI. EKONOMISTA, ATTAC-EKO KIDEA

Azken urteetan akziodunei banaturiko aberastasun heina azkarki emendatuz joan da. Irabazien banaketa moldatzea lirateke erretreten kutxaren zuloa estaltzeko aterabidea, Jean-Michel Harribei ekonomistaren ustez. Baina horrelakorik ez dutela nahi nabarmendu du: «Gehiago lan eginarazi nahi digute irabazien banaketa justuagoa saihesteko». 

Erretretaren erreformaren aurkako manifestazioa, atzo, Baionan. / GAIZKA IROZGAIZKA IROZ

Erretretaren erreformaren aurkako manifestazioa, atzo, Baionan. / GAIZKA IROZGAIZKA IROZ

Azken urteetako erretreta erreformak zentzu berera doaz: kotizatu beharreko denbora emendatuz doa. Norabide horrekin ez duzu bat egiten. Zergatik?

Erretreten Norabiderako Kontseiluaren txostenek ere erakusten digute 2020rako aurreikusia den erretreta kutxen zuloa ez dela txoke demografikoari lotua, baina bai krisiari eta bai murrizketei. Murrizketa politikekin segituz zuloa emendatuko dela diogu. Beraz, gaur egungo testuinguruan, non eta langabezia gorantz doan, gehiago lan eginaraztea absurdoa eta guztiz kaltegarria da gerorako erretretadunentzat.

Erran nahi baitu…

Gero eta zailago izanen da kotizatu beharreko urte kopurua betetzea. Adibidez, lanpostu finko bat 27 urteetan lortzen duenak 70 urte arte lan egin beharko du, eta hori langabezia garairik ezagutu gabe, gainera. 70 urte arte lan egitea jasangaitza da! Gehien-gehienek ezingo dute ordura arte lan egin, horretaz kasik segur gara. Beraz, lehenago joanen dira erretretara eta pentsio txikiagoak hunkiko dituzte.

Gobernuak zein patronalak, biek dute bat egiten norabide horrekin. Sindikatuek ere ez dute ozenki kritikatzen gehiago lan eginarazteko erabakia.

Arrazoia sinplea da: beste molde batez erantzun nahi balute, irabazien banaketa moldatu beharko lukete… eta hori ez dute nahi! Azken urteetan akziodunei banaturikoa emendatuz joan da, eta, noski, langileen kalterako izan da. Duela berrogei urte, enpresa frantsesek aberastasunaren %4,4 banatzen zieten akziodunei; gaur egun, haatik, %22 eta %23 artean banatzen diete. 40 urtez akziodunei banatu aberastasunaren proportzioa bostez biderkatu da. Horrek gaitu krisian sarrarazi, eta langabeziaren txikitzea oztopatzeaz gain, ezberdintasunak emendatzen ditu.

Hori lortu bitartean, dibidenduak kotizazio pean ezartzea proposatzen duzu.

Bai. Proposamen horrekin ez dugu lanari hunkitzen, kapitalari begira gaude. Dibidenduak banatuak dira, dena dela; beraz, kotizatu edo ez, lehiakortasuna ez da trabatzen.

Lanaldi denbora emendatzeko arrazoi izpirik ez dela diozu.

Gehiago lan eginaraztea historia sozialaren beste zentzura doa. Lan denbora txikitzeko erabili da betidanik hobetze ekonomiko eta soziala, eta mugimendu historiko hori gelditzeko arrazoi izpirik ez da. Batetik, arrazoi sozialengatik, langabezia izaki absurdoa delako. Bestetik, ingurumenari begira, gehiago lan egitea ezinezkoa delako, ikusirik gainprodukzioan eta gainkontsumoan garela. Jendeari gehiago lan eginarazi nahi diote, irabazien banaketa justuagoa saihesteko. Gainera, bigarren ondorio baikor bat ere eragiten die: langabeziak irauteak ondorioak ditu soldatetan, langabezia handia denean lanpostu bilatzailea ez delako hain exijentea.

Alta, etengabean entzuten dugu denbora gehiagoz bizi garenez gehiago lan egin behar dugula.

Egia da bizi-itxaropena emendatuz doala, baina ahulki emendatuz doa. Zergatik emendatu da azken mendean? Sortu berrien heriotza tasa biziki-biziki txikitu delako, eta horrek du batez besteko bizi-itxaropena igoarazten. Etengabean emendatuko denik ez gara segur. Jendeari oraindik gehiago lan eginaraziz, bizi-itxaropenaren emendioa gelditu egingo da, eta batzuetan, berriz, ahulduko. Gainera, baliteke osagarri oneko bizi-itxaropena ahultzen hastea. Dena dela, osagarri oneko bizi-itxaropena 61 urtekoa da gizonezkoentzat, eta 62 urtekoa emazteentzat. Horrek erran nahi du muga horretarik gora ariko garela lanean.

Azken 40 urteetan bakoitzaren produktibitatea emendatu dela, haatik, ez dute sekula zehazten…

Erretretadun-aktibo ratioaren emendioa ez da erraten duten bezain inportantea. Erretreten Norabiderako Kontseiluak dio 1,6 aktibo direla erretretadun batentzat eta 1,35 izanen direla 30-40 urteren buruan. Gutxitze bat da, baina ez da ikaragarria. Gainera, produktibitateari begiratu behar zaio. Gerora, produktibitatearen emendioa ez da orain artekoa bezain inportantea izanen; emendio ttipi batzuei buruz, ez errateko emendio gabeari buruz bideratzen gara. Hori jakinik, orain- dik azkarragoa da irabazien banaketa justuagoaren beharra.

Etiquetas: , ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: