Hiru astean sei langile hil dira, azkena atzo, Deskargako lanetan

Iturria: Berria.info – 2013/09/19

Kamioilari bat zendu da Antzuolan, lubeta batetik behera erorita; Gi-632 errepidean lanean ari zen Deskargako mendatean
Sindikatuek uste dute galgek huts egin dutela eta azpikontratazioak eragin duela

Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza bat —Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegitura diputatua eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendaria buru direla— Deskargako mendatean, G-632eko lanetan ari zen kamioilari bat hildako istripuaren lekura bertaratu zen atzo. Halako kasuetarako protokolo guztiak martxan jartzea agindu zuten. Istripua zergatik gertatu den argitzeko eta ardurarik balego hori zehazteko lanean ari da, beraz, diputazioa, arloko beste erakunde eta eragileekin batera.

Horregatik, goiz da esateko zerk huts egin duen zehazki, baina sindikatuek eman dute lehen aztarna. Kamioiaren galga sistemak huts egin duela uste dute, makinariaren mantenuak, alegia. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek salatu dute 33 urteko J.A.R langile lasartearra, Aballa S.L. enpresakoa, «azpikontratazio politikaren ondorioz» hil dela. Hark gidatutako kamioia hamar metroko altuera duen lubeta batetik behera erori eta irauli zen 08:10 aldera. Kamioitik salto egin zuen gidariak azken unean, baina azpian harrapatu zuen makina handiak. Larrialdi zerbitzuak eta suhiltzaileak bertaratu ziren, baina ezin izan zuten onik atera. Irail beltz batean, azken hiru asteetan lan istripuan hil den seigarren behargina da kamioilaria. Hil ez, baina larri zauritu zen atz 34 urteko gizonezko bat Hiriberri-Artzibarren (Nafarroa), baso lanetan ari zela zuhaitz bat zangora erorita.

Antzuola-Bergara lotuneko eraikuntza lana Gipuzkoako Diputazioak emandakoa da. Erakunde horrek akordio bat lortu zuen sindikatuekin eraikuntzaren sektoreko lan hitzarmena derrigorrezkoa izan dadin diputazioaren obra publikoan. ELAk hala gogorarazi du, baina, aldi berean, esan du adjudikazioa kritikatu zuela —Moyua eta Antzibar enpresek lortu zuten— aurrekontu baxuarengatik. «Gehiegikeriak egiten dira lanaldietan; erritmo izugarrian egiten da lan, eta ez da makinariaren mantenu egokia egiten; segurtasun arauak urratzen dira; lan istripuak daude…». Kontratua duten enpresek «salneurriak bota» egiten dituztela dio ELAk, eta gero azpikontratatu egiten dutela. «Azkenean langileak dira kaltetu handienak eta bakarrak».

Antzuola-Bergara lotunean lan ituna«ez ziren betetzen ari», ELAren ustez, eta, horregatik, salaketa bat jarri zuen aurreko astean Lan Ikuskaritzan. Atzoko istripuaren ondoren, «makinariaren mantentze lanen urraketa larria» frogatutzat jo du ELAk. Gaur 12:00etan protestara deitu dute ELAk eta LABek Antzuolako San Blas ermitan. CCOOk Bergarako herriko plazan deitu du ordu berean.

Egiturazko arazoa

Gipuzkoako Foru Aldundiak elkartasuna adierazi die hildakoaren senide eta lankideei. Halaber, «lan osasunari lehentasuna emango dion lan harreman eta prebentzio eredua bultzatu» behar dela nabarmendu du, eta eredu horrek «lan duina eta segurua» izan behar duela ardatz. «Ezinbestekoa da eragile guztiek eta administrazio publikoek batera eta norabide berean jardutea», erantsi du. Arazoa, dena den, «egiturazkoa» dela ohartarazi du diputazioak, eta «funtsezkotzat» jo ditu «prebentzioa, prestakuntza eta lan segurtasun eta osasunaren kontrako delituen jazarpena».

Sindikatuek hain zuzen istripua «ikertzea» eta «arduradunak» mugatzea galdegin dute. ELArentzat, gainera, lan publikoan segurtasun alorrean «eredugarri izan beharrean, utzikerian aritzen dira». Erakundeek «ez dute benetako borondaterik» segurtasun ataleko «arautegia betetzeko».

EAJk, berriz, Ugarteri azalpenak emateko eskatu dio, «foru aldundiaren ardurapeko lan batean» langile bat istripuz hil dela eta.

Hildakoen kopurua, behera

Azken asteetan lan istripuan hildakoen kopurua handia izanda ere, aurten 25 langilek osatzen dute zerrenda beltza ELAren arabera, 30 LABen zenbaketan; bost urtean, erdira jaitsi da kopurua: 2008an, 112 egon ziren LABen zerrendan, eta 56 iaz. Krisiak eragindako jarduera apalagoak eragin handia izan duela diote sindikatuek.

 

Etiquetas: , , , ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: