Archive for julio 24th, 2013

julio 24, 2013

Grebara deitu du ELAk urrirako, «Confebaski zilegitasuna kentzeko»

Iturria: Berria.info – 2013/07/24

  • «Patronalak ez dauka gizartearekin inolako konpromisorik», esan du Adolfo Muñozek Confebasken Bilboko egoitzaren aurrean.
  • Galdutako itunak bultzatzeko mobilizaziora deitu ditu langileak urriaren 21etik 25era

ELA sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Muñozek zalantzan jarri du Confebasken zilegitasuna, patronalak Espainiako lan erreformari heldu eta langileen baldintzei «eraso» egin eta gero. «Confebaski zilegitasuna kendu behar zaio; ez dauka gizartearekin inolako konpromisorik», esan zien atzo enpresariburuei Confebaskek Bilbok duen egoitza nagusiaren aurrean. Grebara eta mobilizaziora deituko du ELAk udazkenerako, urriaren 21etik 25era, «negoziazio kolektiboa indartzeko». Lan eskubideak «suntsitzen» ari den patronalari erantzuteko modua dela esan zuen.

Gogor aritu zen Adolfo Muñoz Confebasken aurka, uztailaren 7an itun gehienak indarra galdu ondoren, E egun horrek finkatu duen lan harremanen esparru kaltetuarekin bat. «Diru publikoaz lagundutako lobby bat baino ez da Confebask, eta helburu bakar bat du: gizarte eta lan eskubideak suntsitzea». Confebaskek ez du negoziazioa nahi, ELAko buruaren ustez, «legearekin nahikoa duelako». Espainiari begira dagoela uste du, «made in Spain akordioen bila»; «hitzarmen horiek mamirik gabekoak dira, ezertara behartzen ez dutenak».

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere zilegitasuna falta du, ELAko liderraren arabera. «Zein zilegitasun izango du gobernu horrek patronalari ultraaktibitatea errespeta dezala eskatzeko eurak gauza bera egin badute aurretik?», galdetu zuen. Negoziazio kolektiboan dagoen blokeoa «Confebasken erantzukizun» dela esan zuen Muñozek, eta erakunde horri ordezkaritza besterik gabe ematen zaiola erantsi zuen. «Ez daude hauteskundeak zein enpresa ordezkatzen dituzten bermatzeko». «Jarrera autoritarioa» izatea, «xantaia» egitea eta langabezia baliatuta «beldurraren estrategia» zabaltzea leporatu zion ELAko idazkari nagusiak patronalari. Confebask azken egun hauetan jasotzen ari den kritika eta erasoak bere jarreraren «parekoak» dira, Muñozen arabera.

Ultraaktibitatearen amaiera iritsi denetik enpresak «erasoan» ari direla gogoratu zuen sindikatuko buruak, orain arteko lan baldintzak aldatzeko. Langileei ohar argia eman zien, «antolatu eta soldatak defendatzeko», bestela Nafarroan gertatu dena orokortuko dela aurreikusi zuen; sektoreko hitzarmen gehienak sinatu dira lurralde horretan, eta soldata jaitsiera «izugarria» izan da.

120 akordio apirilaz geroztik

Kontratazio berriak lan baldintza okerragoetan egiten ari direla salatu zuen Muñozek, langileen artean diskriminatuz, gutxieneko soldatak aplikatuz. Adegik, «hiru lurraldeetako patronalik argienak», enpresei esandakoa gogoratu zuen: «Ez da negoziatu behar, beste erremediorik geratzen ez den arte». Hala, «mobilizazioa delako irtenbide bakarra», lanuzteak eta manifestazioak egiteko astea antolatu du ELAk urriaren 21etik 25era, enpresen barruan sindikatuen «kokalekua indartzeko» eta enpresa akordio gehiago egiteko. ELAk hitzarmen kolektiboen gainetik enpresa ituna lehenesteko babesten duen ildoarekin bat azaldu du apirilaz geroztik 120 itun sinatu dituela. Aurrerantzean ere enpresaz enpresa azalduko du sindikatuak sektoreko itunak ez direla jadanik derrigor bete beharreko gutxienekoa, «eta lan baldintzei eusteko enpresa ituna egin behar dela».

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek negoziazio kolektiboan jarri dituzte indarrak, ordea. Metalgintzako herrialdeko itunak Precon salatu dituzte, adibidez. UGTk gizarte arloko epaitegian jarriko du gaur salaketa, Bizkaiko itunari eutsi behar zaiola defendatzeko. CCOOk Precora eramango du Arabakoa.

Sindikatu horrek negoziazio kolektiboaren mahairi eusteko esan dio Confebaski, baina patronalak erantzun du jada hedabide batzuen bidez ez dituela itunak urte amaiera arte indarrean mantenduko. Hala ere, Eusko Legebiltzarrak eskatutakoarekin bete duela uste du Confebaskek, idatzi horrek ez diolako erreparatzen sektore arteko akordioari.

julio 24, 2013

Lau kaleratze baimentzen dituen epaiari helegitea jarriko diote Alfuseko langileek

Iturria: Berria.info – 2013/07/23

Bediako Alfus FCC Ambitoko langile batzordea ez dago ados Bilboko epaitegi batek enpresako hamasei langileren kaleratzeen inguruan emandako epaiarekin, eta helegitea jarriko diotela iragarri dute.

Bilboko Gizarte arloko epaitegi batek maila batean bakarrik hartu ditu aintzat Alfus FCC enpresak hamasei langile kaleratzeko emandako arrazoiak. Epaiak dio hamasei ez, baina lau kaleratze egiteko produkzio ataleko arrazoiak badirela enpresa zuzendaritzak aurkeztutako lana erregulatzeko dosierrean. Langileak ez dira ados, eta helegitea jarriko dutela iragarri dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.

Alfus FCC konpainiaren 64 langile greban dira aspaldian. Dagoeneko 130 egun bete dituzte lanuztean euren enpleguak defendatzeko eta hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Langile batzordeak dio zuzendaritzak enpresa ixteko dosierra aurkeztea lotuta dagoela hitzarmenaren negoziazioarekin; “presioa egiteko neurria da”. Sindikatuak “prest” dira grebarekin jarraitzeko, “itun duin bat” lortu arte. Halaber, zuzendaritzarekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest daude. Elkarrizketa “hautsita” dago orain, ordea, eta sindikatuek “ardura” eskatu diote zuzendaritzari “akordioa” egiteko.

Etiquetas: ,
A %d blogueros les gusta esto: