«2.800 langabe gehiago besterik ez gara. Larriena demokrazia falta da»

Iturria: Adrian Garcia / Berria.info – 2013/06/13

MARIA KONTAXI. ERT GREZIAKO TELEBISTA PUBLIKOKO KAZETARIA

Greziako Gobernuak seinalea eten arren, telebista publikoko langileek Internet bidez jarraitzen dute emititzen. Troikaren eskariei men egitea leporatzen diote gobernuari.

Haserre eta aldi berean herrialdearen patuagatik kezkatuta dago Maria Kontaxi (Atenas, 1968). ERT Greziako telebista publikoko albistegietako nazioarteko burua da. 27 urte eman ditu lanean telebistan, 18 urte zituenetik. Greziako Gobernuak telebista publikoa ixtea erabaki zuen herenegun, eta sindikatuek greba orokorrera deitu dute gaurko.

Nolako egoera duzue ERTko kazetariek?

Atzo [herenegun] arratsaldetik ERTko egoitzan gaude, ministerioak katearen itxiera iragarri zuenetik. Langileok gure gain hartu dugu telebistaren jarduna. Gobernuak telebistaren seinalea eten du, baina Internet bidez zabaltzen jarraitzen dugu.

Zergatik uste duzu gobernuak telebista ixtearen erabakia hartu duela?

Presio handia jasotzen ari da Troikatik. Sektore publikotik 2.000 lanpostu ezabatzeko agindua dute. Ez dakite zer egin, ez dute planik, eta ERT ixtea erabaki errazena zen haientzat. Gobernuarekiko fidelago izango den telebista bat nahi dute.

Oso hitz gogorrak erabili ditu Simos Kedikoglou gobernuko bozeramaileak ERTren funtzionamendu okerra salatzeko. Berregituraketa bat beharrezkoa al zuen telebistak?

Berregituraketa bat egin daiteke, horretarako plan bat badago. Berregituraketak justua izan behar du, bai langileentzat, bai greziarrentzat. Greziako herritarrek finantzatzen dute telebista ordainsariaren bidez, dirua ez dator gobernuaren aurrekontuetatik. Ondo egitekotan, berregituraketa barrutik egin behar da. Kedikoglou jaunak ustelak deitzen gaitu? Aurreko urteetan hark eta haren aurretik egondakoek etengabean euren laguntxoak jarri dituzte ERTn lanean. Gu ez gara egoera honen arduradunak; politikariek eta haien gertukoek sortu dute. 800 euroko soldata jasotzen genuen telebista publikoko kazetariek. Bizpairu hizkuntza hitz egin eta ikasketa maila altuak dituzten langileentzat soldata duina al da?

Egun batean telebista publikoa itxi du gobernuak. Greziako demokraziaren gainbeheraz beldur al zara?

Bai, noski. Oso larria da. Ez da bakarrik gure lanpostuak galdu ditugula. Hori gutxienekoa da. Ez gara langabe bakarrak Grezian, beste 2.800 gehiago gara, besterik ez. Larriena da gure herrialdean demokraziarik ez dugula. Telebista publikorik ez duen Europako Batasuneko herrialde bakarra gara.

Zein urrats egingo dituzue aurrerantzean?

Amaierara arte jarraituko dugu. Poliziak kanporatu arte gure lana egiten jarraituko dugu. Ez dugu amore emango; indarrean eraman beharko gaituzte. Telebista hau herriarena da, eta gu herriarekin gaude. Herriak erabaki behar du zer egin telebista publikoarekin, ez Samaras jaunak [Greziako lehen ministroa]. Kazetariak gara, eta gure lana egin nahi dugu.

Zer deritzozu gobernuaren telebista berriro irekitzearen asmoari?

Bai, berriro irekiko dute, baina haien neurrira egindako telebista izango da. Herritar orori eragiten dion erabakia da, langileekin, sindikatuekin, herritarrekin eztabaidatu beharrekoa. Ez dira erabaki errazak, modu horretan, alde bakartasunez hartzeko. Hedabideen sektorea oso kaltetuta geratuko da. Ireki behar duten telebista berria askoz ere malguagoa izango da gobernuarekin. Gainontzeko kate pribatuak dirudun gutxi batzuen esku daude. Oso arazo larria da, greziarrek ahotsa galdu dute.

Elkartasun uholdea jaso duzue gizartetik. 

Bai, jende askoren babesa jaso dugu, Grezia osotik. Medikuak, irakasleak… langile guztiek euren sostengua erakutsi digute. Halere, badago jendea sektore publikoa arazoaren muina dela pentsatzen duena. Egia da ez duela ondo funtzionatzen, baina ez da sektorearen errua; politikariek egin dute horrela.

Etiquetas: ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: