Astebeterako lanuztera deitu du bere kabuz ELAk metalgintzan

Iturria: berria.info – 2013/06/11

  • Araba, Bizkai eta Gipuzkoan legeztatu du ekainaren 17tik 21erako greba, lan akordiorik ez duten enpresetako langileentzat
  • Enpresa txiki eta ertainetan lan erreforma indargabetzeko itunak nahi ditu sindikatuak

Astebeterako greba deialdia legeztatzea erabaki du ELA sindikatuak metalgintzako sektorean. Lanuzteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dira. Nafarroan, berriz, egun horietan mobilizazioak antolatuko ditu sindikatuak. Deialdia bere kabuz egin du ELAk, eta ez du, oraingoz, beste sindikatuen atxikipenik lortu.

Iragarria zuen ELAk ekainaren 17 eta 21 bitartean «greba, mobilizazio eta sentsibilizazio» astea antolatzeko asmoa. Atzo, iragarpen hori deialdi ofizial bihurtu zuen metalgintza sektorerako. Hori bai, deialdia soilik egin zaie gutxieneko edukiak bermatzen dituen itun bat indarrean ez duten enpresetako langileei.

Egun osoko lanuztea egiteko ados jarri ziren sindikatu guztiak Gipuzkoan, joan den maiatzaren 24an. Haatik, sektoreko negoziazioak blokeatuta segitzen du herrialde horretan, eta baita Araban eta Bizkaian ere. Egoera hori ikusirik, ELA, LAB, CCOO eta UGTk ez dute lortu mobilizazio egutegi bateratu batekin aurrera egiteko adostasunik. ELAk nabarmendu du ekainaren 17an greba abiatzeko ezin zela gehiago atzeratu legeak eskatutako epeen barruan egoteko.

Bi aukera defendatu dituzte sindikatuek. ELAk egin duen astebeteko deialdiaren ordez, bestelako egutegi bat proposatu zuen LABek. Sindikatu horrek hiru eguneko greba planteatu zuen Gipuzkoan, bi egunekoa Bizkaian, eta bat orokorra hiru herrialdeetan. Parte hartu behar duten enpresen izaeran ere ez datoz bat ELA eta LAB. Izan ere, LABek uste du lanuzte orokorra sektoreko enpresa guztiei egin behar zaiela, eta ez soilik indarrean akordiorik ez dutenei.

Mobilizazioak adosteko aukerarik egon ez bada ere, akordioren bat lortzeko atea irekita utzi dute sindikatu guztiek. Grebaren aurkezpenean, metalgintzako langileen eta negoziazio kolektiboaren alde elkarlana sustatzeko borondatea adierazi zuten ELAko ordezkariek; bereziki, LABekin.

Helburu bikoitza

Metalgintzako lanuztearen bidez, helburu bikoitza lortu nahi dute ELAko sektoreko ordezkariek: «Rajoyren basakeria erreformaren aurkako klausulak dituzten enpresa itunen bidez gelditzea eta patronalari herrialdeko itunetan duen jarreran amore emanaraztea». Deialdia Donostian aurkeztu zuten sektoreko arduradunek: Iñaki Arrieta (Bizkaia), Jose Luis Vidal (Gipuzkoa) eta Gustavo Lopez de Armentia (Araba).

Herrialdeko sektore itunak ez aurrera ez atzera daudenez, enpresaz enpresako akordioak lortzen saiatu da ELA. Aukera hori gutxiestea egotzi die beste sindikatuei, gainera. «Ez dugu ulertzen zergatik ukatzen dioten beste sindikatuek enpresako negoziazioari gatazkarako tresna eta langileentzako berme gisa duen izaera».

Lan ildo horri eutsiko dio ELAk aurrerantzean ere. Orain, ahalegin berezia egin nahi dute enpresa txiki eta ertainetan ere lan erreformaren efektuei aurre egiteko itunak lortzen saiatzeko. Bide horretan oraingoz metalgintzako 60 enpresetan erreformaren aurkako klausulak negoziatu eta sinatzea lortu direla azpimarratu du.

 

ELAk baztertu egin du Araba Borrokan-en manifestazioan egotea

Negoziazio kolektiboaren defentsan, manifestaziora deitu dute Araba Borrokan plataformako taldeek datorren larunbaterako. Egitasmo horretan parte hartzen dute herrialdeko sindikatu gehienek —ELAk izan ezik— eta hainbat gizarte taldek. ELAk baztertu egin zuen mobilizazioan parte-hartzea. ELAk plataformari exijitu dio argitzeko zer iritzi duen Espainian CCOOk eta UGTk patronalarekin sinatu dituzten akordioen inguruan. Esaterako, itunen ultraaktibitatea luzatzearen ordez derrigorrezko arbitratzea ezartzea ontzat jo duena. Maiatzaren 30eko grebari buruz ere deus ez esatea salatu du. ELAren irudiko, «ezinbestekoa da batasun baten helburu zehatzak finkatzea».

Etiquetas: , ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: