Pentsioen jaitsiera orokorrari atea ireki dio adituen proposamenak

Iturria: Jon Fernández / Berria.info – 2013/06/08

  • Pentsioak gaurkotzeko inflazioa erabili beharrean iraunkortasun faktorea erabiltzea proposatu du aditu batzordeak

  • Espainiako Gobernuak alderdiei bidali die proposamena, erreforma negoziatzeko

Praktikan, egungo erretiratuen erosteko ahalmena jaistea ekarriko du Espainiako pentsioen erreformak. Aurrerantzean pentsioak ez dira KPI kontsumo prezioen indizearen arabera gaurkotuko. Beste aldagai batzuei lotuta egongo da pentsioen eguneraketa etorkizunean: alde batetik, Gizarte Segurantzaren diru kutxaren osasunari lotuta, eta, bestetik, pentsiodunen bizi-itxaropenari. Baina hemendik aurrera erretiratzen direnentzat gogorragoa izango da kolpea: zuzeneko jaitsiera nabariko dute euren pentsioan. Eta luzera begira pentsio nominalak igotzen jarraitu arren, erreformaren proposamena egin duen aditu taldeak onartu du soldataren batez bestekoaren eta pentsioaren arteko zuloa geroz eta handiagoa izango dela, pentsioen kaltetan. Hau da, gaurko zein biharko pentsiodunen poltsikoek igarriko dituzte erreformaren eraginak.

Oraindik ez da erreforma onartu —Mariano Rajoyren gobernuak irailerako prest egotea agindu dio Bruselari—, baina prozesua aurrera doa. Gobernuak orain hilabete inguru hautatutako hamabi kideko aditu taldeak erreformarako proposamen txostena onartu zuen atzo, kontrako boto bakarrarekin eta abstentzio batekin. Hain zuzen, txosten horrek proposatu dio Madrilgo gobernuari pentsioak KPIaren arabera egin beharrean iraunkortasun faktorearen arabera gaurkotzea. Hamabi adituetatik zortzi bankuen edo aseguru etxeen soldatapekoak izanak dira, eta atzokoan CCOOko ordezkariak ere txostenaren alde bozkatu zuen. UGTko ordezkaria izan zen kontra bozkatu zuen bakarra, eta PSOEren ordezkariak egin zuen abstentzioaren alde. Txostena dagoeneko Espainiako Enplegu Ministerioaren esku dago.

1. Zein da aldaketa nagusia?

Desindexizazioa. Pentsioaren eguneraketa KPIaren arabera —inflazioaren arabera— neurtu beharrean iraunkortasun faktorearen arabera kalkulatzea. Bi aldagaik osatzen dute iraunkortasun faktorea: alde batetik, FEI —belaunaldi arteko zuzentasun faktorea— aldagaia sortu dute, eta, bestetik, FRA —urteroko errebaluazio faktorea—.

2. Zer da FEI?

Erretiratu berrien hasierako pentsioak kalkulatzeko erabiliko den faktore bat da, haien bizi-itxaropen estimazioan oinarrituta. Printzipioz, arrisku demografikoei aurre egitea du helburu. Txostengileen arabera, Espainian gaur bederatzi milioi pentsiodun daude, baina 2052an hamabost milioi izango dira.

Pentsiodun bakoitzak jasoko beharreko dirua haren bizi-itxaropenaren arabera banatuko da: zenbat eta bizi-itxaropen luzeagoa izan, urtean kopuru txikiagoa kobratuko du erretiratuak. Hau da, zenbat eta gehiago bizi, pertsona bakoitzari aurreikusitako bizi arteko pentsio bolumen osoa urte gehiagotan zatituko zaio kalkulua egiterakoan. Horrek, praktikan, etorkizuneko pentsioak jaitsiko ditu: hamarkada bakoitzean %5 inguru beheratu daiteke, hainbat kalkuluren arabera. Txostenak pentsio txikiak «aurrezki pribatuekin» osatzeko aukera ere aipatzen du.

Gainera, aldiro aldatu beharko lirateke FEIren balioak, unean uneko bizi-itxaropen datuen arabera. Zehaztu beharko da zenbat urtetik behin egin bizi-itxaropenaren berrikusketa.

Dena dela, jada pentsiodunei FEI faktorea ez aplikatzeko gomendatzen du txostenak. Horren ordez, Gizarte Segurantzaren egoera ekonomikoa okerra denean, pentsioak izoztea proposatzen du. Izozte hori «egungo pentsiodunentzako babes saretzat» jo dute adituek.

3. Zer da FRA?

Urtetik urtera pentsioak eguneratzerakoan Gizarte Segurantzaren kontuei begiratuko dio FRAk. Txostengileen esanetan, «pentsio sistemaren oreka bermatuko du». Hau da, Gizarte Segurantzak irabaziak baino gastu gehiago dituen urteetan behera egingo dute pentsioek —edozein delarik KPIaren joera—, eta Gizarte Segurantzak superabita lortzen duenean gora egingo dute pentsioek. Alegia, pentsioak igoko direla soilik Gizarte Segurantzak ondo funtzionatzen duenean.

Faktore horrek Espainiako egoera ekonomikoaren menpe jartzen ditu pentsiodunen diru sarrerak. %27ko langabezia tasarekin eta aurreikuspen ekonomiko ilunekin ez dirudi urte gutxiren buruan lortuko denik Gizarte Segurantzan kotizazioak igo eta geroz eta desorekatuagoa dagoen langile (pentsio ordaintzaile) eta pentsiodun (pentsio jasotzaile) kopuruen arteko oreka lortzea. Ahultasun ekonomikoa ez eze, demografia ere arazo zaio Madrili, datozen urtetan pentsiodunen kopurua nabarmen handituko duelako baby boom belaunaldiak.

4. Pentsiodunek aurrez kalkulatu ahal izango dute pentsioaren gaurkotzea?

Gaur egun KPIaren bilakaerari begira jakin dezakete pentsiodunek hurrengo urtean zer bilakaera izango duten euren pentsioek. Erretiratuei segurtasun batzuk emate aldera, KPI bezalako indize bat sortzea gomendatu diote adituek gobernuari, eta indize hori aldiro argitaratzea pentsiodunek haren bilakaera jarraitu ahal izan dezaten.

5. Inflazioaren gainetik hazi ahal izango dira pentsioak?

Txostenak atea zabalik laga dio ekonomia hazten ari denean eta Gizarte Segurantzaren kutxak superabita daukanean pentsioen eguneraketa inflazioa baino handiagoa izateari. Areago, txostengileak baikorrak dira, eta epe ertainera eta luzera erreformarekin pentsioen batez bestekoa igo egingo dela uste dute. Hori bai, aitortu dute pentsioen balizko hazkunde hori datozen hamarkadetako soldaten hazkundea baino txikiagoa izango litzatekeela.

6. Noiz sartuko litzateke indarrean pentsio eredu berria?

Iraunkortasun faktorearen oinarritako pentsio sistema datorren urtetik 2019ra bitartean indarrean sartzea gomendatu dute adituek. Azken hitza, dena den, gobernuak dauka.

7. Noiz onartuko dute erreforma?

Datorren udazkenean onartzea espero du Rajoyren gobernuak. Baina oraindik bidea du egiteko txostenak. Gobernuak dagoeneko alderdi politikoei igorri die adituen proposamena. Printzipioz Toledoko batzordearen esku geratuko da erreforma adosteko ardura. Halere, alderdiak ados jartzen ez badira, PPk gehiengo osoa baliatuko du. Pentsioen erreforma da Europako Batzordeak Madrili eskatutako egiturazko erreformetako bat.

Ostera, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialista hasi zen erreformarekin. Urtarrilaz geroztik indarrean da erretiro adina 65etik 67ra atzeratu, aurretiazko erretiroak zaildu eta kotizazio urteak luzatzen dituen erreforma. 2027. urtera bitartean mailaka ezartzekoa zen erreforma, baina Rajoyk azkartu egin nahi du prozesua, eta baldintzak gehiago gogortu.

 

ERREAKZIOAK

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia

«Sortzen ari diren sistema da pentsioen aurkako eraso nagusia. Iraunkortasun faktore bakarra da enpleguak funtzionatzea. Enpleguaren eta soldaten aurka egiten ari direna Gizarte Segurantza hustutzen ari da».

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia

«Gehiengo handia gizarte honen motorra gara, aberastasuna sortzen dugunak. Eskubideak ditugu, eta iraunkortasun faktoreak esan nahi du ez dugula pentsiorako eskubiderik, aukera bat izango dela».

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia

«Gobernuak aurrez aurre izango gaitu pentsio sistema elkarrizketarik gabe aldatu nahi badu. Unerik txarrena da orain sistema aldatzeko, baina hala egingo dute ereduaren aldaketa erradikala justifikatzeko».

Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroa

«Eskerrak eman nahi dizkiet adituei, beren profesionaltasun eta zintzotasunarengatik. Espero dut alderdiek eta gizarte eragileek ere ezaugarri horiek erakustea. Ahalik eta adostasun handiena behar dugu».

J. Antonio Garcia Rubio IUko Enplegu idazkaria

«Aditu ustez inpartzial horien ondorioak onartezinak dira, eta pentsio plan pribatuak laguntzera bideratuak. Erabilitako indizeek nahi zuten ondorioa lortu dute, eta zenbakiak trikimailuz josita daude».

Candido Mendez UGTko idazkari nagusia

«Pentsioen jaitsiera ez da ibili beharreko bide bat. Gobernuak zuhur jokatu beharko luke, eta Toledoko Itunean eta elkarrizketa sozialean beste neurri batzuk proposatu. Oraingo legea errespetatu behar da».

Joan Tarda ERCko diputatua Espainiako Kongresuan

«Eraso bat da langile klasearen koroaren harribitxiaren aurka. Sistema berriaren helburua da publikoa zenean funtzionatu duen sistema pribatizatzea, marrazoei eta eta finantza merkatuei mesedei egiteko».

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: