Lan hitzarmenak berritzeko prozesuak ez du abiadarik hartu

Iturria: Berria.info – 2013/06/04

  • Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.000 langilek lortu dute apirilean beren lan ituna berritzea, zain zeudenen %4 baizik ez
  • Hiletik hilera txikitzen ari da hitzartutako soldata igoera: %0,67koa apirilean

Hilabete bat falta da aurtengo San Fermin bikoitzerako, baina prestakuntza aldetik alde handia dago. Bizkor doaz Iruñean, jada hasi baitira jartzen entzierroetarako hesiak; astiroago doaz negoziazio kolektiboaren lasterketan: apirilean sektoreko bost itun baino ez dira sinatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta enpresetako 33. Sinatu direnen ezaugarrietako bat da erosteko ahalme- naren galera dakartela.

Atzo zabaldu zuen Lan Harremanen Kontseiluak apirilari dagokion informazio sozio-laboralaren txostena. Horretan ikusten da uztailaren 7ko epe muga gerturatzeak ez duela asko bizkortu lan hitzarmenen berritzea. San Fermin egunarekin batera iraungiko badira ere berritu gabeko lan itun gehienak, 20.000 lagunek soilik lortu dute lan ituna berritzea, hitzarmenaren zain zeudenen %4 eskas bat. Martxoaren 31n 472.794 langile zeuden berritu gabeko lan itunekin; apirilaren 30ean, berriz, 453.502. Urte hasieran 487.716 ziren.

Nafarroako Gobernuak ez du oso datu zehatzik ematen, baina sindikatuek azaldu dutenez, 65.000 lagun inguru zeuden maiatzaren erdialdean lan ituna berritu gabe. Joan den astean, ordea, UGT eta CCOO sindikatuek eta CEN patronalak sinatu egin zuten lurraldeko itunik garrantzitsuena, metalgintzakoa (36.000 langile). Metaleko merkataritzako langileek, berriz, greba mugagabea hasi zuten joan den asteartean, sindikatu guztiek deituta. Atzo 60 langilek CEINen egoitza okupatu zuten, hor egiten baitu lan patronaleko negoziatzaileetako batek. Guardia Zibilak kanporatu zituen protestariak, eta gero Iruñeko Alde Zaharreko Irigaray dendaren aurrean bildu ziren.

Bizkorrago Espainian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere metalgintza da sektore nagusia, 150.000 langile inguru baitaude lurraldeko hiru itunen menpe. Negoziazioak erabat blokeatuta daude. Gipuzkoan greba egin zuten maiatzaren 24an, eta Araban ere mobilizazio eguna izan dute. ELAk grebara deitu ditu hiru lurraldeetako langileak hilaren 17tik 21era. Beste sindikatuek artean ez diote erantzun, baina LABek jakinarazi du mobilizazio gehiago iragarriko dituela aste honetan.

Guztira, 377.000 langile daude sektoreko hitzarmena berritzeko dauden 178 lan itunen menpe. Horietatik 113 hemen negoziatzekoak dira; beste 65ak, berriz, EAEn eragina duten Espainiako itunak dira. Azken horiek zertxobait errazago berritzen ari dira: hamar daude sinatuta eta 65 sinatu gabe. Azkenekoetakoa izan da aseguru etxeetako langileena. Joan den astean izenpetu zuten, hori ere ELAren eta LABen sinadurarik gabe, soldatak inflazioaren azpitik igoko direlako, eta lan erreformaren puntu eztabaidatuenak —ultraaktibitatea urtebetera mugatzea eta enpresei itunak ez betetzeko erraztasunak ematea— onartzen zituelako. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan negoziatzen diren 125 sektoreko hitzarmenetatik 113 daude berritu gabe, eta sei baino ez dira aurten izenpetu.

Soldata igoera txikiak

Onartutako soldata igoeretan ere bada alderik hemen edo Espainian sinatzen diren itunen artean. Aurten erregistratutako itunetan, batez beste %1,47ko soldata igoera hitzartu dute euskal enpresaburuek eta sindikatuek, eta %0,08koa espainiarrek. Bien artean, %0,67. Bi eremuetan oso nabaria da hitzartutako soldata igoera jaisten ari dela, eta inflazioaren azpitik geratzen dela (%1,7koa maiatzean, Espainian).

Hitzarmenen beste ezaugarri bat da lanaldia handitzen ari dela. Urtean indarrean dauden hitzarmenetan urtean 1.693 lanordu egin behar dituzte beharginek; aurten berritu diren itunetan, berriz, 1,741 orduko lanaldiak onartu dituzte. Espainiako hitzarmenetan lanaldia luzeagoa izan ohi da.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: