Batasuna desmobilizatzeko aitzakia bihurtzen denean

Iturria: Berria.info – 2013/05/23

Patxi Agirrezabala: ELAko komunikazio arduraduna

Greba orokorra ez da bateratua», entzun ohi da argudio gisa. Bitxia da kontua, murrizten ari den eskuinak ere mobilizazioari eraso egiten baitio aitzakia horrekin. Baina zer axola dio eskuinari batasun sindikalak? CCOOri eta UGTri dei egin diegu greban egon zitezen. Ezezkoa eman digute. Ez da pozgarria. Zergatik ez dute sindikatu horiek greba egin nahi, soziala den guztia sekulako erasoa jasaten ari bada? Zer dela-eta hartzen dute batasunaren aitzakia mobilizazioa zikintzeko? Erantzun bat emate aldera CCOOren eta UGTren azken urratsak aztertu behar dira.

 Pentsioak. 2011ko urtarrilean Zapaterorekin erreforma hitzartu zuten; besteak beste, erreforma hark erretiro adina 67 urtera arte atzeratzea ekarriko du, eta «iraunkortasun faktorea» ezarri zuen. PPk beste erreforma bat gehiago egin du, hura hankaz gora bota duena, eta, iragarri duenez, urtea amaitzerako beste bat egiteko asmotan dabil, askoz gogorragoa, sindikatu horiek adostu zuten «iraunkortasun faktorea» oinarritzat hartuta. PPk erreforma honetarako bi helburu nagusi ditu: erretiro adina are gehiago atzeratzea, 67 urtetik harago eta pentsioa zeharo murrizteko formulak finkatzea. Popularrek lan hau egiteko sortu duten «aditu batzorde» delakoan CCOOko kide bat ere badago, finantza sektoreko ordezkariekin batera. Zer galdu zaio sindikatu bati batzorde horretan?

 Negoziazio kolektiboa. Aipatutako sindikatuek 2011n Negoziazio Kolektiboko Akordioa (ANC) sinatu zuten. Han esaten zen soldatak direla «enpresen lehiakortasun galeraren arduradun» eta soldata igoerek ez zutela %0,6 gainditu behar (inflazioa %3n zegoelarik). Akordio harekin Rajoyren erreforma laborala ekidin nahi omen zuten, baina ez zuten halakorik lortu. Duela gutxi CEOEk zirkular batean zioen akordio horretan finkatutako mugek patronala ez dutela «behartzen», enpresei gomendatzen zien «soldatak izoztu edo murriztu» ditzatela, eta Rajoyk opari eman dien erreformaz balia daitezela «hitzarmenak goitik behera aldatzeko». CCOOk eta UGTk setaz diote negoziazio kolektiboan dagoen blokeoa gainditzeko irtenbidea antzeko akordioak direla, Lanbide arteko Akordioen gisakoak alegia. Baina, halakoek patronala behartzen ez badute… zertarako egiten dira?

 Ekintzailetza eta gazteen enplegurako estrategia. Rajoyk plan hau Moncloako jauregian aurkeztu zuen. CCOO eta UGT ere han izan ziren, eta esan zuten ekitaldi hark «datorren aldirako elkarrizketa sozialaren agenda» baldintzatu behar zuela. Zein da Planaren mamia? Lanaldi partzialeko enplegua hedatzen du, diru publikoz lagunduta. Enplegu hauetan soldata oso txarrak ordaintzen dira, enplegu duina prekarioek ordezka dezaten. Gainera, formazio kontratuak «erreformatu» egiten dira, eta izatez beste kontratu prekario mota bat bihurtzen dituzte. Beraz, plan honen xedea gazteen prekarietatea orokortzea da. Zer galdu zaie CCOOri eta UGTri Rajoyrekin egindako argazki honetan?

 Elkarrizketa soziala. Estatuan ez dago «elkarrizketa sozialik». Politika erabat unilaterala da, inoiz baino areago. Eta estatu mailan ez badago, zergatik egongo da Gasteizen edo Iruñean, bertoko gobernuek PPren jarraipena egiten badute? Konstituzioa aldatu eta Aurrekontuen Egonkortasun Legea egin zuten estatu guztian zehar politika berbera egin zedin, PPren politika. Emaitza: gobernuan dauden alderdiak aldatzen dira, baina ez egiten duten politika.

Patxi Lopezekin, CCOO eta UGT mahai haien inguruan eseri ziren; Nafarroan Moderna Planaren protagonista izan dira. Orain, Gasteizko gobernura EAJ iritsi denean, jarraipena eman nahi diote «elkarrizketa sozialeko» mahaiei. Zergatik deitzen diote oraindik «elkarrizketa sozial» itxura hutsa den antzezpen horri? Zer dela-eta daude oraindik mahai horren inguruan, langile-klaseari axola zaion guztia hortik kanpo erabakitzen den arren? Ez, noski, politikan eragiten dutelako. Beraz, zergatik? Aurrekontu publikoekiko duten menpekotasunagatik. Sindikatu batek gobernuen politika juzgatzeko duen askatasuna bere finantza-autonomiak ematen du. Hau eredu sindikalei buruzko debatean oinarrizko kontua da.

 Bilera Rajoyrekin. Joan den apirilaren 26an Rajoyk erreforma eta murrizketak iragarri zituen berriro (pentsioetan, lan legeetan, langabeziaren araudian…). CCOOk eta UGTk berretsi dute Rajoyrekin beste bilera bat izango dutela maiatzaren 16an. Zer jakinarazi nahi dute honelako bilerekin? Rajoyk, bederen, mobilizazio soziala hozteko erabiltzen ditu.

 Akordio txarrari, okerragoa. Gogorra izanagatik, sindikalismoa juzgatzeko neurria ez da murrizketa eta erreformak ezartzen diren edo ez, horiek geldiarazteko gauza zenbateraino den, alegia. Izan ere, politika, baita legea ere, unean uneko indar-erlazioaren fruitu edo ondorio da, eta eskuin ekonomikoak politika guztia oso eskuinera eraman du. Eta hemen dator benetan lazgarria dena, sindikatu batzuek botere politikoa lerratze horretan laguntzea. Kontu bat da erasoak geldiarazteko ezinean egotea, eta beste kontu bat, oso desberdina, botereari babesa eman eta gatazka soziala desklasatzea.

CCOOk eta UGTk betetzeko ez diren akordioak sinatzen dituzte (pentsioak, ANC…); eta betetzen ez direnean, are okerragoak diren hitzarmenak bilatzen dituzte. Esan gabe doa horrelakoak egiteko ez zaiela burutik pasatzen gainerako sindikatuekin hitz egitea. «Batasunik eza», «zatiketa», soilik mobilizatzera deitzen dugunean ahotan hartzen duten argudio demagogikoa izan ohi da.

 Batasuna, noski; kalera atera eta erantzuteko. Zertarako da batasuna? Gizartea lokartzeko? Gure aburuz, ez; batasuna kalera atera eta erasoa geldiarazteko da; bizitza politiko eta demokratikoaren erregenerazioa exijitzeko; politika sozialei, enplegu duinari, soldaten defentsari eta solidaritateari hauspoa emateko.

Deigarria da ezkerraren zati batek —ez soilik espainiarrak— batasun sindikala aurrebaldintza absolutu gisa erabiltzea, programei gailentzen zaien baldintza, eta kritika objektiborik egiteko gauza ez izatea: zerk galarazten dio mugimendu sindikalari diktadura ekonomiko honi bat eginda aurre egitea? Diktadura honek demokraziak, eskubide sozialak eta eskubide laboralak hartzen ditu hankapean, eta honezkero mugimendu sindikalak ere traba egiten dio.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: