Azken txanpan, hasieran bezala

Iturria: Berria.info / Miren Garate – 2013/05/22

Bihar amaitzen da Azpeitiko Corrugadoseko eta Lasaoko Corrugadoseko espedienteei buruzko negoziazio epea. Orain arteko hiru bilerak ikusita, itxaropen gutxirekin doaz langileen ordezkariak Madrilera.

Soilik kalte-ordainei buruz hitz egiteko prest agertu da Gallardo Taldea; dio kaleratzeek ez dutela atzera bueltarik. Corrugadoseko langileek esaten dute horretan ez direla sartuko. Beste gai batzuen gainean eztabaidatzeko prest daudela, esaterako, lanorduak gutxitu eta soldatak horren arabera egokitzeari buruz, baina kaleratzerik ez dutela onartzen. Hala hasi eta bukatzen dira Gallardo Taldearen eta Corrugadoseko langileen arteko bilerak, bai bederen orain arteko hirurak. Bihar izango da laugarrena; azkena, hain zuzen. Madrilera akordioren bat lortzeko itxaropen gutxirekin doaz langileen ordezkariak.

«Antzerkia». Orain arteko bilerak deskribatzeko hitz hori darabilte Imanol Arrojeriak eta Mikel Sasiainek. Azpeitiko Corrugadoseko eta Lasaoko Corrugadoseko langile batzordeetako ordezkariak dira, ELA eta LABekoak, hurrenez hurren. «Denbora gehiago pasatzen dugu aktak irakurtzen eta zuzentzen, bileretan baino. Denbora osoan hitz teknikoekin ziria sartu nahian aritzen zaizkigu», kontatu du Sasiainek. Negoziazioetan, bi abokatuk eta zuzendaritzako bi kidek parte hartzen dute Gallardo Taldearen izenean. Langileen ordezkariak 31 dira. Izan ere, erregulazio espediente bakarrean lau enpresa sartu ditu Gallardo Taldeak: Azpeitiko Corrugados itxi egin nahi du, eta 300 langile kaleratu; Lasaoko Corrugadosen, 68 lagunetatik 38 bota, eta Espainiako Ferromallasen eta Grupo Gallardon, 24 eta 10 langile kaleratu, hurrenez hurren.

Legeak dio autonomia erkidego bateko baino gehiagoko enpresak daudenean dosier batean Madrilen egin daitezkeela negoziaketak. Eta Gallardo aukera horretaz baliatu da. Hala, helegite bat jarri nahi izanez gero, Espainiako Auzitegi Nazionalera jo beharko dute sindikatuek. Azpeitiko Corrugadoseko langileek jada lau kasutan jo dute auzitara —Euskal Herrikoetara—. Lau epaiak euren aldekoak izan dira. «Hori saihestu nahi du Gallardok. Honela esan zuen: ‘Orain ikusiko dute hauek zein diren benetako epaileak’», azaldu du Arrojeriak.

Azpeitiko Corrugadosen susmoa da Getafen egindako gauza bera egin nahi duela enpresak, hau da, lantegia itxi eta berriro zabaldu langile gutxiagorekin eta soldatak %35 murriztuta. «Guk halakorik ez dugula negoziatuko esan dugu. Enpresak irekita jarraitu behar du, eta ahalik eta langile gehienekin. Kaleratzeak ere, egitekotan, borondatezkoak izan behar dute».

Enpresak aurrez aplikatutako espedienteen eraginez, langabezia sariaren zati handi bat erabilita daukate jadanik. Lasaoko Corrugadosen ere bi espediente izan dituzte, baina han egoera hobexeagoa izan da orain arte. «Ez genuen espero hainbeste kaleratze egiteko espedienterik», dio Sasiainek. Beltz ikusten du lantegiaren geroa. «38 langile horiek bidalita ere doiketak egin beharko direla esaten digu enpresak, pentsatzen dugu soldatetan. Gainera, 30 langilerekin enpresa ez zaigu bideragarria iruditzen». Bideragarritasun plan bat eskatu diote zuzendaritzari, baina ezetz erantzun die hark. «Esan digu langileak kaleratu eta finantzaketa lortu arte ez duela aurkeztuko». Oaingoz, lanera joaten jarraitzen dute. «Elkarri begira egoten gara». Bost makinetatik bi bakarrik dituzte martxan, materiala falta zaielako.

Ostiraletik aurrera, zer?

Akordiorik ez badago, ostiraletik aurrera zer gertatuko den da galdera. Enpresaren asmoa da ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean egitea kaleratzeak, pixkanaka. Kalte-ordainei dagokienez, azken bileran, lan egindako urte bakoitzeko 27 eguneko ordaina emateko prest agertu zen Gallardo, gehienez ere 15 hilabeteko soldataren pareko kopurura iritsi arte. Alabaina, argi esan zuen: akordiorik ezean, legeak agintzen duen gutxieneko kopuruarekin bidaliko ditu langileak, hau da, lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko ordaina emanda.

Hortik aurrera, kaleratzeei helegiteak jartzekotan daude langileak, Gipuzkoako bi lantegiak bideragarriak direla uste dutelako. «Gure kasuan, irabaziak izan ditugu 2012ko apirilera arte. Eta egoera enpresaren beraren erabaki batzuen ondorioz aldatu da; materiala bidaltzeari utzi ziolako, besteak beste», adierazi du Sasiainek. Kaleratzeak arrazoitzeko, Espainiako merkatuaren egoera aipatzen du Gallardok. «Guk, ordea, ekoizpenaren %70 Frantziara saltzen dugu».

Bien bitartean, protestan jarraitzen dute langileek. Atzo, Gasteizen izan ziren Azpeitiko Corrugadosekoak. Elkarretaratzea egin zuten legebiltzarraren eta BBVAren egoitza aurrean. Azken hori da Gallardoren zorraren %40ren jabea. Bihar, Madrilen izango dira Lasaoko langile guztiak.

Etiquetas: , ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: