«Begirale» izateari utzi eta «kalera ateratzera» deitu dute sindikatuek

Iturria: Berria.info – 2013/05/09

  • «Ez dakigu zer utziko duten zutik», esan du ELAko buru Adolfo Muñozek greba orokorraren deialdia erregistratu ostean
  • «Politikariak behartu» behar direla uste du LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek

30eko greba orokorrerako bidean urratsak egiten doaz sindikatu deitzaileak, motorrak berotzen, alegia, «herria kalera atera dadin». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako deialdi ofiziala erregistratu zuten atzo Donostian ELA eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, ESK, Hiru, EILAS eta CNTko ordezkariekin batera, eta «estatu kolpe ekonomikoa» salatu zuten. Nafarroan herenegun egin zuten erregistroa, Iruñean; beraz, M-30erako Hego Euskal Herri osorako deialdia egin dute jadanik.

«Ez dakigu zer utziko duten zutik lan eskubideen atalean», esan zuen Muñozek Jaurlaritzako Lurraldeko Enplegu ordezkaritzaren atarian. Erregistratu berria zuten greba orokorrerako deialdiak «hitz gutxirekin» azaldu daitekeela esan zuen jarraian. «Badakigu zer datorren: pentsio erreforma bat, langabezia saria ukituko duen beste lan erreforma bat, administrazio publikoaren suntsipena… Hau estatu kolpe ekonomikoa da, eta geratu egin behar dugu. Borroka da gauzak aldarazi ditzakeen aldagai bakarra».

Ildo berean egituratu zuen bere azalpena LABeko idazkari nagusiak, eta «mobilizazioaren beharrean» sakondu zuen. Murrizketa eta sufrimenduaren bidea derrigorrezkoa dela diotenak gezurretan dabiltzala esan zuen. «Alternatibak badira, baina erabaki politikoak hartu behar dira, eta erabakiak hartuko dituzte behartzen baditugu. Herria kalera ateratzen bada, politikariak behartuko ditu». «Herriari» zuzenean erreparatu zion, beraz, hilaren 30erako grebarako «lantokiz lantoki eta herriz herri» prestatu behar dela esanez. «Ez da beste greba bat», gaineratu zuen, «elite ekonomikoak bere eredua inposatzeko prest dagoelako». Egoerari «buelta emateko» dauden «aukera guztiak, aukera bakarrak», mobilizazioan daude, Etxaideren ustez. «Ez gaitezen izan begirale».

«Hiru gezur» gezurtatzen

«Alternatiba» hitza bolo-bolo baliatu zuten hala Etxaidek nola Muñozek greba orokorraren «tresnarekin» lotua. Gizartea egungo egoerara eraman duten politiken sustatzaileek « hiru gezur» nagusi zabaltzen ari dira gizartean aspaldian, ELAko buruaren iduriko. «Gezurra da egiten dutena baino beste alternatibarik ez dela». Hala balitz, «sobera» leudeke legebiltzarrak, politikariak «eta demokrazia bera». «Jar ditzatela funtzionario esanekoak kapitalaren aginduak betetzeko». Gezurra da, halaber, Muñozen ustez, greba orokorrak «ez duela ezertarako balio». Egiten ari direnaz «jabetzen» direnez, «jendeari aldaketaren esperantza» kendu nahi diotela dio. Gizartea «lokartu» nahi dutela uste du, «animoak apaldu». «Gobernuak» horretan dabiltzala dio, erreformak aurrera atera daitezen, «inolako erantzunik gabe».

Patronalak eta eskuineko alderdiek sindikatuei maiz leporatzen dieten interes ezkutuekin dauka zerikusia ELAko buruak aipatu zuen «hirugarren gezurrak». «Grebaren alde gaudenak bakarrik lanpostu finkoak duten langileak defendatzen ditugula diote. Lotsagarria da; jende serioaren kontua ez da hori. Edonork daki enplegua galtzen dutenen babesaren alde ere ari garela».

LABeko idazkari nagusi Etxaidek, berriz, eredu ekonomiko eta sozial berri bat aldarrikatu zuen, «erabaki politiko propioen bidez». «Herritarren beharrak elite ekonomiko baten gainetik» jarriko luke eredu horrek. Langileria «ongi antolatuz gero», eskubideak «eskuratu eta defendatu» egiten direla esan zuen, «eta etorkizunean ere» hala egin beharko dela. «Ez dugu amore emango; ez diogu uko egingo gure etorkizuna eraikitzeari. Horregatik egingo dugu M-30ean greba orokorra».

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: