Gizartea eraldatzeko urratsa

Iturria: Ikerne Zarate / hitza.info – 2013/05/03

Gobernuek eta merkatuek diotenaren aurka, egungo egoerak alternatiba izan baduela diote Pablo Garmendiak eta Zorion Ortigosak, Oarso Bidasoko ELA eta LABeko arduradunak, hurrenez hurren

Greba orokorrera deitu dute Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragilek hilaren 30erako Hego Euskal Herrian. Honakoarekin, azken bi urtean euskal sindikatuek deitzen duten seigarren greba orokorra izango da. Eskubideen murrizketa etengabea salatuko dute antolatzaileek. 30ekoak, ordea, aurreko bost greba orokorretatik bereizten duen ezaugarria duela argi du, ordea, Zorion Ortigosa LAB sindikatuko Oarsoaldeko eta Bidasoko arduradunak: «Behingoz ados jarri gara eragile sozialak eta sindikatuak. Aldarrikatzen dugun aldaketa soziala gauzatzeko bidean plan bat badugu, eta badakigu nondik jo behar dugun. Hortaz, ez da erantzuteko greba izango, greba eraikitzailea baizik, eta bide berri bati ekiteko aukera emango digun zalantzarik ez dut».

Ideia horrekin bat egin du Pablo Garmendia ELA sindikatuko Oarso Bidasoko arduradunak, eta euskal sindikatuen gehiengoak eta eragile sozialak biltzen dituen gunearen garrantzia nabarmendu du. «Greba orokorrari segida emateko gizarte akordioa edo dekalogoa lantzen ari da gunea. Bizi dugun egoera iraultzeko parte hartzaile guztien irizpideak adosten eta alternatibak lantzen ari gara», azaldu du Garmendiak.

Gunean lantzen ari diren gizarte akordioa, «euskal herritarron aldarrikapenak jasoko dituen tresna» izango da Ortigosaren iritziz, eta duen garrantziagatik, hura sortzeko prozesuan ezinbestekotzat jo du herritarren parte hartzea: «Izugarrizko mobilizazio arraskatatsuak izan dira guneak deituta, baina jendeak badu oro har erasoak erantzutera mugatzen garen sentsazioa. Abiatu nahi dugun prozesurako oso tresna baliagarria iruditzen zaigu gunea. Bil gaitezen, sindikatuak, eragileak, norbanakoak gizarte akordioa eratze aldera, euskal herritarron gehiengoaren aldarrikapenak jasoko dituen tresna izango baita».

Greba ez da nahikoa

Izan ere argi dute Garmendia zein Ortigosak greba bakarrik ez dela nahikoa, «langile batek protestarako duen erarik gogorrena da, ordea, eta une honetan konpromiso maila bera eskatzen duen alternatiba errealik ez dago», esan du LABeko ordezkariak. Bere iritziz, gainera, uste baino handiagoa da grebaren eragina, «horren erakusle dira greben kontra etsaiak egiten dituen kanpainak, eta enpresariek lantokiz lantoki greba ez egiteko baliatzen duten presioa. Horrek erakusten du eragina duela, kezkatzen dituela eta gauzak alda daitezkeela».

Greba eta mobilizazio erraldoien azken helburua errealitatea aldatzea dela argi du Garmendiak, bestalde. Biak ala biak konziente dira, gainera, geroz eta gutxiago direla greba eskubidea egiteko aukera dutenak, «langile geroz eta gutxiago daudelako eta lanean daudenen artean geroz eta gehiago direlako baldintza prekarioetan ari direnak».

Herrialdeko langabezia tasarik altuena dute Bidasoak eta Oarsoaldeak, ordena horretan. Zenbaki hotzen atzean, «pertsonak, bizi proiektuak, egoera geroz eta latzagoak daude», salatu du Garmendiak. Horren harira, murrizketak eta eskubideen galera ezarri eta gerrikoa estutzea bide bakarra dela dioten gobernu eta alderdiei «etxerako bidea» hartu beharko luketela esan die ELAko arduradunak: «Ez badute alternatibarik, alde egin dezatela eta utz diezaietela alternatibak dituztenei edo herriari boterea, eta erabakiak hartzen».

Izan ere, hainbat komunikabide, alderdi politiko gehientsuenak eta instituzioak oro har herritarren gaineko «presio handia» eragiten ari direla salatu du Ortigosak, «hori guztia hemen alternatibarik ez dagoela sinistarazteko. Izan badago, eta hori helarazi behar zaio jendeari». Aberastasuna badagoela argi dute bi sindikalistek, «aberastasun hori nola banatu da gakoa».

ELAko arduradunarentzat, fiskalitatea aldatzea da bidea, «aberatsei dirua kentzeaz ari gara ordea, ia ezer… aukera erreala badago ordea, eta ez guk esaten dugulako, hor daude zenbakiak. Langileek batez beste 22.000 euro inguru ordaintzen dute urtean zergatan, enpresariek zergetan, urtean, batez beste 13.000 euro oradaintzen dituzten bitartean. Hori guztiz lotsagarria da».

LABek ere badu alternatiba. Hura aurrera eramateko ezinbestekoa jo du Ortigosak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea izatea. Beste fiskalitate baten alde egin du ere, Garmendiaren moduan, «beste errekurtso batzuk izango genituzkeelako, eta beste sektore publiko bat, ondorioz». Sektore publikoak ekonomiaren ardatz eta ongizatea bermatzeko tresna izan behar duela argi du LABeko ordezkariak, gainera. Bertan, erabakitzeko eskubidea eta bestelako fiskalitateari, aberastasuna eta lana banatzea gehitu dizkio.

 Langabe gehien, Pasaian

Etxera etorrita, Oarsoaldea eta Bidasoko egoeraz mintzatu dira Ortigosa eta Garmendia. Herrialde mailan bi eskualdeak direla egoera okerrenenan daudenak nabarmendu du lehenak, «krisia bete-betean jotzen ari zaie bi eskualdeei». Etxe kaleratzeak ere ugaritu egin direla nabarmendu du, «edozein unetan edozein drama aurki dezakegu». Azken hiru urteetan lantegi oso esanguratsuek ateak itxi dituztela ekarri du gogora, eta horien artetik Ramon Vizcaino aipatu du, «azkenean enpresa horrek motore lana egin zezakeelako eskualdean». Langabezia tasarik altuena Pasaiak daukala, eta hurbiletik Irunek jarraitzen diola ere esan du Ortigosak: «Bere garaian aduanekin eta garraioarekin oso lotua egon zen bezala, azken urteetan eraikuntzari oso lotuta egon da Irun. Aduanak eta garraioa bezala, eraikuntza ere pikutara joan da, eta oso enpresa esanguratsuak itxi dituzte bertan». Zerbitzu sektorean oinarritutakoak bihurtzen ari direla bi eskualdeak, eta gaur gaurkoz hori «prekarietatea» dela argi du Ortigosak, «oso kezkagarria da egoera».

Egun egoera larriena bizitzen ari diren enpresei dagokienez, Irungo Udalean etxeko laguntza zerbitzua eskaintzen duen lantegia aipatu du Garmendiak, «udala tasak jaisten joan da, eta gainera enpresa ere etorri zaie langile horiei soldata jaitsiera proposatzen. Langile gehienak emakumeak dira eta gazteak, soldata oso baxuak dituztenak gainera. Lekuona okindegia ere kolokan dago, desagertzeko puntuan. Bertako enpresa historikoa da Lekuona, herri mailan oso ezaguna. Bi horiek aipatu ditut, baina hamaika aipa daitezke».

Keinu egin die autonomoei eta enpresa txikiei Ortigosak, «inoiz ez ditugu aipatzen baino hor daude, enpresa txiki pila bat ditugu eta egoera benetan larriak pairatzen ari dira, hilabeteetan soldata kobratu gabe dauden langileak… lanpostu pila galtzen ari dira. Komertzioak ere ez daude egoera hobean».

Eguneroko inplikazioa

Hilaren 30eko greba orokorrak jasoko duen erantzuna aurreikusteko «oso goiz» dela esan dute biek, «jendea ez dago horretara oraindik hilabete falta delako, Maiatzaren Lehena izan berri dugulako…». Orokorrean, erantzun zabala izango duela ziur dira, ordea, «azken grebatan nabarmena delako geroz eta jende gehiagok parte hartzen duela mobilizazioetan». Hala ere, herritar guztiei egin diete grebarekin bat egiteko deia, «bizi dugun egoera izugarri larria delako».

Hemendik aurrera, grebatik harago doan inplikazioa espero dutela gaineratu dute Garmendiak eta Ortigosak, halaber, «bide bat egitea planteatzen ari gara eta horrek guztion inplikazioa eta konpromisoa eskatzen du. Grebak ez direla nahikoa egia da. Hori esaten duenari, ordea, egunero-egunero bere aletxoa jartzeko eskatuko diogu, hori baita egun bizi dugun egoera iraultzeko modu bakarra».

Maiatzaren Lehena, M-30eko greba orokorrari begira

Hilaren 30erako euskal sindikatuen gehiengoak eta askotariko 60 eragilek deitutako greba orokorrari begira egin zuen Maiatzaren Leheneko mobilizazioa Oarsoaldeko eta Bidasoko LABek. Eguerdian abiatu zen Zumarditik 3.000 lagun inguru bildu zituen manifestazioa, eta herriko kaleak zeharkatu ostean Foru plazan amaitu zen mobilizazio jendetsua. Ibilbidean zehar prekarietatea, murrizketa, eta banketxeen aurkako oihuak entzun ziren, baita greba orokorraren aldekoak ere.

Manifestazio burua Foru plazara heldu zenerako zain zituen bi eskualdetako euskal presoen senideak, panelekin. Ekitaldia egin zuten ondoren eta, Zorion Ortigosa LABeko Oarsoaldeko eta Bidasoko arduradunak hartu zuen hitza. Langileria inoiz ezagutu gabeko erasoa jasaten ari dela salatu zuen Ortigosak, eta konpromisoa eta inplikazioa eskatu zien herritar guztiei, «aldaketa soziala eta politikoa gauzatzeko gure herrian».

LABek deitutakoa ez zen izan ordea, herenegun bi eskualdeetan egindako mobilizaio bakarra. CGT-LKN sindikatuak eta Gorripideak deituta, murrizketen kontra eta langileen eskubideen aldeko defentsan, hamarnaka lagunek Donostira martxa egin zuten 9:30ean Zumarditik abiatuta. Manifestazioa egin zuten bertan eta bazkaria ondoren sindikatuaren egoitzan.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: