Sindikatuek ez diote 35 orduko lan asteari muzin egin nahi

Iturria: Berria.info – 2013/05/03

Funtzio Publikoko Mahaitik altxatu, eta lanaldia luzatzeko dekretua atzera botatzea exijitu dute ELA, LAB, UGT eta CCOOk

Sindikatuen «itxikeriak» langileei kalte egin izana gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzak

Eguna jarri gabe etengo da Funtzio Publikoaren Mahaia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoen baldintzak arautzeko negoziazio mahaitik altxatu egin ziren atzo ELA, LAB, CCOO eta UGT. Lau sindikatu horiek ez diote 35 orduko lan asteari muzin egin nahi, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez ohiko lanaldia 1.614,5 ordura igotzeko erabakia atzera bota dezala exijitu dute.

Ramon Uriarte ELAko ordezkariak gogora ekarri dio Gasteizko gobernuari Eusko Legebiltzarrak iragan astean dekretu hori ez ezartzeko legez ez besteko proposamena onartu zuela, EH Bildu, PSE-EE eta UPD taldeen aldeko botoarekin. Eusko Jaurlaritzak dekretu hori indargabetzen ez duen bitartean, negoziazioa etetea erabaki dute lau sindikatuek. Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordearen ustez, langile publikoek ez dute zertan ordaindu sindikatuen «itxikeria».

Murrizketen aurkako protesta, iazko urriaren 2an. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Murrizketen aurkako protesta, iazko urriaren 2an. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Negoziazio mahaiak 11:00etan zuen hitzordua. Hainbat gai zituzten jorratzeko: lizentziak, 12 urte arteko haurrei laguntzeko baimenak definitzea; aldi baterako ezintasun osagarriak garatzeko proposamena jorratzea; zerbitzuak azpikontratatzeko aukera aztertzea; eta erakunde sareko antolakundeen hitzarmenen indarraldia bermatzeko proposamena aztertzea. Gai horiek zerrendan izanagatik, ELAk ohar bidez jakinarazi duenez, negoziazioarekin hasi aurretik lanaldia luzatzeko dekretua atzera botatzeko exijitu diola Eusko Jaurlaritzari.

Sindikatu abertzaleak arrazoitu du dekretu horrek enplegu galera ekarriko duela eta 35 orduko lan astearen legea zein 2010eko Mahai Orokorreko akordioa ez dituela betetzen. ELAren arabera, beste sindikatuek ere bat egin dute exijentzia horretan. «Gobernuko ordezkariek gai zerrendarekin jarraitu nahi zutenez, dekretua erretiratzeko konpromisorik hartu gabe», eten bat egin zuten. ELAren arabera, behin sindikatuek hori hitzartuta, Jaurlaritzak bilera egiten jarraitu nahi zuen, baina dekretuari eutsiz. «Beraz, sindikatuetako ordezkariok mahaitik altxatu egin gara».

ELAk gaineratu du Eusko Jaurlaritzak iritzi publikoaren aurrean negoziazioa mahaia erabili egin nahi izan duela. «Bilerak garrantzi gutxiko edukien inguruan luzatzen ditu, dekretuz murrizketa eta enplegua suntsitzeko erabakiak hartzen dituen bitartean».

Asteartean, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak azaldu zuenez, dekretua indargabetuko balitz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako funtzionarioen lan baldintzak Espainiako legeen arabera arautu beharko lirateke, eta, horrenbestez, dekretuan jasota dauden 1.614,5 lanorduak baino gehiago lan egin beharko lukete.

LABen arabera, ohartarazpen hori jarri diete mahai gainean. Sindikatuaren ustez, «Madrildik etor daitezkeen neurrien arabera dantzan egotea baino hobeagoa da bermeak jartzea». Hala, dekretua atzera botatzea «ezinbesteko urratsa» da negoziazioari ekiteko. «Ezinezkoa da eraiki nahi dugun etxearen paretaren kolorea aukeratzea, etxe beraren egituran adostasunik ez dugun bitartean». LABek ohartarazi du lanaldia igotzeak enplegu publikoaren suntsiketa dakarrela.

Andres Zearreta Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak «tamalgarritzat» jo du sindikatuen jarrera. Atsekabea azaldu du , eta sindikatuen jarrera hori langile publikoen kaltetan doala iritzi dio. Elkarrizketari berrekiteko «erabateko borondatea » azaldu du.

Nahiz eta ELAk atzoko bileran jorratu beharreko gaiak bigarren mailako gaiak zirela adierazi, Zearretak nabarmendu du bilerara gobernuak eraman behar zituen proposamenak «garrantzitsuak» zirela. Proposamenetako bat zen 12 urtera arteko haurrei laguntzeko urtean zortzi orduko baimen berri bat sortzea. Lana eta sendia uztartzeko neurriak ere aztertu egin nahi zituen: gaixotasun larria duen senide bat zaintzeko baimen ordaindu bat arautzea planteatzen zuen.

Era berean, behin-behineko ezintasunen kasuan ere, hainbat aukera aztertu nahi zituen Zearretak. Adibidez, lehen eta hirugarren egun artean soldataren erdia jasotzea; 4. eta 20. egun artean soldataren %75, eta hortik aurrera, %100. Zearretaren esanetan, Jaurlaritzak gainera zerbitzurik ez azpikontratatzeko konpromisoa azaldu nahi zuen.

Mobilizazioak hiriburuetan

Negoziazioak etenda, sindikatuek mobilizazioetara deitu dituzte langile publikoak maiatzaren 11erako, larunbatarekin. Manifestazioak hiru hiriburuetan izango dira, Dekreturik ez, Enplegu suntsiketarik ez, Zerbitzu publikoen defentsan, hemen erabaki lelopean: Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik aterako da 17:30ean; Donostian, 17:30ean, Bulebarretik eta Gasteizen, 19:00etan, Bilbo plazatik. Administrazio publikoko sektore mahaietako erakundeei ere bat egitera deitu diete.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: