Alemaniara daramate Huyck Wangnerren «bideragarritasuna»

Iturria: Berria.info – 2013/04/17

  • Zizurkilgo lantegiko beharginek ezetz esan diote zuzendaritzaren azken eskaintzari, eta haren egoitza nagusira abiatuko dira gaur
  • Negoziatzeko epea hilaren 25ean amaituko da; gero auzitara jotzea ez dute baztertu

Huyck Wangnerreko langileek Alemaniara eramango dute euren borroka. Xerium Technologies taldeko planta garrantzitsuena Reutlingenen dago (Baden-Wurttemberg). Hura da Zizurkilgo lantegia ixteko erabakia hartu duen zuzendaritzaren egoitza, eta hara doaz euskal langileak, bertako langile batzordearekin eta IG Metall sindikatuarekin batzera. «Gure arrazoien berri zuzenean jakin dezaten nahi dugu», dio Mikel Zabaletako ELAko kideak. «Presioa» zuzendaritzaren etxera eramatea ere bada helburua.

Dena izango da beharrezkoa Huyck Wangnerreko (Perot izandakoa) zuzendaritzaren borondatea aldarazteko. Zizurkilgo 75 langileak kaleratzeko dosierraren negoziazio epea hilaren 25ean beteko da. Egin beharreko bilerak egin dira, ordea, eta ez dago akordiorik. Ostiralean izan zen azkena, eta langileek ezetz esan zioten herenegun enpresaren azken proposamenari: 13 langilerentzako lanpostua atzerrian, eta 40 eguneko kalte-ordainak, 18 hilabeteko mugarekin. «13 urtean lan egitearekin nahikoa da jaso daitekeen guztia jasotzeko; 13 urtetik gora lan egin duenak ez du gehiago jasoko», azaldu du Zabaletak. Zuzendaritzak langile batzarrak eskaintza hori bozkatzea nahi zuen, «baina batzarrak bozkatzeari ere uko egin zion».

Gakoa ez baita kalte-ordainen neurria. «Enpresa hau bideragarria da». Hori da langileen arrazoia, eta horri irmo heltzea erabaki dute. «Gero eta argiago daukagu, enpresaren dokumentazioa aztertu eta gero». 2012an 96.000 euroren irabaziak izan zituen Zizurkilek. «Gainera, bi urtean 5,7 milioi euroko mailegua atera dute Euskal Herritik taldeko beste hainbat plantatarako».

Zizurkilgo langileek Alemaniakoen elkartasuna jasoko dute Reutlingenen lau egun iraungo duen bidaia horretan. Gaur eguerdi aldera abiatuko dira autobusean 25 behargin, Tolosatik, bidaiaren xehetasunak azaltzeko prentsaren aurrera agertu eta gero. «Beste batzuk hemen geratuko dira, bi fronteetan egon behar dugu eta», azaldu du Mikel Zabaletak.

Huyck Wangnerrek Zizurkilgo planta ixteko eta bertako 75 langileak kaleratzeko bigarren erregulazio dosierra negoziatzeko epea amaitzen ez den bitartean, beti dago akordiorako aukera. Baina legeak finkatzen duen gutxieneko bilera kopurua (hiru) bete da, eta akordioak ez du uneotan benetako aukera ematen. Ez dute adostu bilera gehiago egitea, eta aldeen arteko desadostasunari erreparatuta, Perot izandako lantegiaren auziak auzitarako bidea hartzeak ez luke inork harritu beharko; azken bi-hiru urteotan ohiko bilakatzen ari da epaileen parte hartzea. «Eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu, baita tresna juridikoak ere», esan du langile batzordeko kideak. Oraindik ezin da esan, ordea, dosierra epaileen esku bukatuko duenik, «oraindik bai baitago epea negoziatzeko».

Aurrekariak ez dira onak, alabaina. «Zuzendaritzak aitortu du dosierraren oinarria ez direla Zizurkilgo lantegiaren datuak. Sektorea krisian dagoela eta, talde osoa egoera txarrean dagoenez, enpresa osoa kontuan hartuta erabaki dutela esan digute».

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: