Hainbat taldek salatu dute gizarte sarien «ezkutuko murrizketa»

Iturria: Berria.info – 2013/04/16

  • Lanbideren «okerreko jardunaren kodea» plazaratu dute; praktika horien bidez diru sariak gutxitu dituztela diote salatzaileek
  • Praxi txarrak zehaztearekin batera, haiek konpontzeko proposamenak eman dituzte

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkie langabeei gizarte sariak jasotzeko prozesuan. Hala uste dute hainbat gizarte taldek; SOS Arrazakeria, Elkartzen eta Berri Otxoak elkarteak tartean. «Gizarte sarien ezkutuko murrizketa» gertatzen ari dela salatu dute, eta Lanbideren «okerreko jardunaren kodea» plazaratu.

Salatzaileen arabera, 2010ean diru laguntzak eskuratzeko legea aldatu zenetik jazotzen ari da gizarte sariak murriztea; «langabezia handiagoa denean» sortzen zaio jende gehiagori saria eskatzeko «beharra», ordea, eta, hain justu, «inoizko zerbitzurik txarrena» ematen ari da Lanbide orain, gizarte taldeon ustez.

Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu kontseilariak onartu du Lanbide ez dabilela ongi. «Gutxieneko errentak Lanbide jan du», esan zuen orain aste batzuk, eta konpromiso bat hartu zuen: urtebete baino lehen gutxieneko errenten %66 bi hilabete baino lehen kudeatzea.

«Jaurlaritza eta Lanbideko arduradunek ildo jakin batzuk eman dituzte ahalik eta jende gehien gizarte babeserako sistematik kanpo uzteko», diote talde salatzaileek. Hona hemen haiek plazaratutako Lanbideren «okerreko jardunaren» kodearen puntu nagusiak.

1. Arreta-denborak

Arreta telefonoan hitzordua finkatzeko galbahe lana egiten du Lanbidek, galdera batzuen bidez; ez dago modurik hitzordua aurreratzeko kasuaren urgentziaren arabera. «Bere etxetik kaleratua izateko arriskuan egon daiteke eskatzaile bat, baina hori ez da nahikoa hitzordua aurreratzeko». Gainera, bulego batzuk kontsultak egiteko balio dute bakarrik, eta beste batzuk lepo daude dosierrak kudeatzen eta erresoluzioak ematen. Telefonora deitzen duten guztiei gehienez astebeteko epean hitzordua ematea proposatzen dute gizarte taldeek, eta bulego guztiek kudeatu ahal izatea dosierrak.

2. Dosier geldituak

Iaz, 7.000 espediente zeuden geldituta, erabaki gabe. Egunez egun handiago den eskaera bati erantzun nahi ez diotelako izango da akaso. Hala, «saria jaso behar dutenen eskubidea urratuta geratzen da kudeaketa kaxkar batengatik».

3. Epe luzeegiak

Bi hilabete behar dira hitzordua lortzeko, eta dokumentazioaren izapideak egiten direnetik erabakia hartzen den arte, zortzi hilabetekoa da itxaronaldia, batez beste. Izapideak egiten direnetik gehienez bi hilabeteren buruan ordaintzea proposatzen dute, eta Lanbideko beste esparrutan diharduten langile batzuk erabiltzaileen arretara lekualdatzea.

4. Gutxieneko errentak

Gutxieneko errenta hilabetetan bertan behera utz dezakete susmo subjektiboengatik, eta, baldintzak betetzen direla frogatuz gero, bi hilabete beharko dira berriro kobratzen hasteko. Beraz, sei hilabetean egon daiteke saria kobratu gabe eskatzaile bat, nahiz eta horretarako eskubidea izan. Gizarte taldeek diote badaezpadako etenaldiak erabiltzeari utzi behar zaiola, susmoek ezin dutela etenaldirik eragin.

5. Fiskalizazioa

Hiru hilabetetik behin errenta jasotzailearen banku-mugimenduak fiskalizatzen ditu Lanbidek; «etxea ordaintzeko edo jateko ez den edozein gastu susmagarri jo dezake, eta saria kendu». Arropa edo tabakoa erosteagatik eskubidea galdu dutenen kasuak badirela diote. Langabe batzarren ustez, «adin nagusikoen diruaren erabilera ezin da interbenitu irizpide subjektiboekin», etxea eta janariaz gain badirelako beste oinarrizko gastu batzuk.

6. Komunikaziorik ez

Inolako jakinarazpenik gabe eten da ordainketa sarritan, onuradunari entzun gabe. Ez da zehazten zergatik galdu den; alegazioak ez dira erantzuten. Gizarte taldeek nahi dute Lanbidek ez dezala urratu legea.

7. Erregistrorik gabe

Eskatzaileei ez zaie ematen haiek emandako dokumentazioaren ziurtagiririk; beraz, ezin da frogatu paperak entregatu diren ala ez. Entregatutako dokumentu guztien ziurtagiri zehatza edo dokumentazioaren kopia zigilatua nahi dute salatzaileek.

8. Erreklamazioak

Ez dago modurik erreklamazioak jartzeko. Politika hori aldatu, eta Lanbidek epeekin bete dezala eta alegazio guztiak erantzun ditzala proposatzen dute.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: