Archive for abril 16th, 2013

abril 16, 2013

Hainbat taldek salatu dute gizarte sarien «ezkutuko murrizketa»

Iturria: Berria.info – 2013/04/16

  • Lanbideren «okerreko jardunaren kodea» plazaratu dute; praktika horien bidez diru sariak gutxitu dituztela diote salatzaileek
  • Praxi txarrak zehaztearekin batera, haiek konpontzeko proposamenak eman dituzte

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bidez, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkie langabeei gizarte sariak jasotzeko prozesuan. Hala uste dute hainbat gizarte taldek; SOS Arrazakeria, Elkartzen eta Berri Otxoak elkarteak tartean. «Gizarte sarien ezkutuko murrizketa» gertatzen ari dela salatu dute, eta Lanbideren «okerreko jardunaren kodea» plazaratu.

Salatzaileen arabera, 2010ean diru laguntzak eskuratzeko legea aldatu zenetik jazotzen ari da gizarte sariak murriztea; «langabezia handiagoa denean» sortzen zaio jende gehiagori saria eskatzeko «beharra», ordea, eta, hain justu, «inoizko zerbitzurik txarrena» ematen ari da Lanbide orain, gizarte taldeon ustez.

Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu kontseilariak onartu du Lanbide ez dabilela ongi. «Gutxieneko errentak Lanbide jan du», esan zuen orain aste batzuk, eta konpromiso bat hartu zuen: urtebete baino lehen gutxieneko errenten %66 bi hilabete baino lehen kudeatzea.

«Jaurlaritza eta Lanbideko arduradunek ildo jakin batzuk eman dituzte ahalik eta jende gehien gizarte babeserako sistematik kanpo uzteko», diote talde salatzaileek. Hona hemen haiek plazaratutako Lanbideren «okerreko jardunaren» kodearen puntu nagusiak.

1. Arreta-denborak

Arreta telefonoan hitzordua finkatzeko galbahe lana egiten du Lanbidek, galdera batzuen bidez; ez dago modurik hitzordua aurreratzeko kasuaren urgentziaren arabera. «Bere etxetik kaleratua izateko arriskuan egon daiteke eskatzaile bat, baina hori ez da nahikoa hitzordua aurreratzeko». Gainera, bulego batzuk kontsultak egiteko balio dute bakarrik, eta beste batzuk lepo daude dosierrak kudeatzen eta erresoluzioak ematen. Telefonora deitzen duten guztiei gehienez astebeteko epean hitzordua ematea proposatzen dute gizarte taldeek, eta bulego guztiek kudeatu ahal izatea dosierrak.

2. Dosier geldituak

Iaz, 7.000 espediente zeuden geldituta, erabaki gabe. Egunez egun handiago den eskaera bati erantzun nahi ez diotelako izango da akaso. Hala, «saria jaso behar dutenen eskubidea urratuta geratzen da kudeaketa kaxkar batengatik».

3. Epe luzeegiak

Bi hilabete behar dira hitzordua lortzeko, eta dokumentazioaren izapideak egiten direnetik erabakia hartzen den arte, zortzi hilabetekoa da itxaronaldia, batez beste. Izapideak egiten direnetik gehienez bi hilabeteren buruan ordaintzea proposatzen dute, eta Lanbideko beste esparrutan diharduten langile batzuk erabiltzaileen arretara lekualdatzea.

4. Gutxieneko errentak

Gutxieneko errenta hilabetetan bertan behera utz dezakete susmo subjektiboengatik, eta, baldintzak betetzen direla frogatuz gero, bi hilabete beharko dira berriro kobratzen hasteko. Beraz, sei hilabetean egon daiteke saria kobratu gabe eskatzaile bat, nahiz eta horretarako eskubidea izan. Gizarte taldeek diote badaezpadako etenaldiak erabiltzeari utzi behar zaiola, susmoek ezin dutela etenaldirik eragin.

5. Fiskalizazioa

Hiru hilabetetik behin errenta jasotzailearen banku-mugimenduak fiskalizatzen ditu Lanbidek; «etxea ordaintzeko edo jateko ez den edozein gastu susmagarri jo dezake, eta saria kendu». Arropa edo tabakoa erosteagatik eskubidea galdu dutenen kasuak badirela diote. Langabe batzarren ustez, «adin nagusikoen diruaren erabilera ezin da interbenitu irizpide subjektiboekin», etxea eta janariaz gain badirelako beste oinarrizko gastu batzuk.

6. Komunikaziorik ez

Inolako jakinarazpenik gabe eten da ordainketa sarritan, onuradunari entzun gabe. Ez da zehazten zergatik galdu den; alegazioak ez dira erantzuten. Gizarte taldeek nahi dute Lanbidek ez dezala urratu legea.

7. Erregistrorik gabe

Eskatzaileei ez zaie ematen haiek emandako dokumentazioaren ziurtagiririk; beraz, ezin da frogatu paperak entregatu diren ala ez. Entregatutako dokumentu guztien ziurtagiri zehatza edo dokumentazioaren kopia zigilatua nahi dute salatzaileek.

8. Erreklamazioak

Ez dago modurik erreklamazioak jartzeko. Politika hori aldatu, eta Lanbidek epeekin bete dezala eta alegazio guztiak erantzun ditzala proposatzen dute.

Anuncios
abril 16, 2013

Greba egun gehiago Urnieta eta Irungo IAT zentroetan

Iturria: Berria.info – 2013/04/15

Aste Santu aldera hainbat greba egun egin zituzten TUV Rheiland Iberica enpresako langileek, martxoaren 25etik maiatzaren 6ra. Orain apirilaren 29tik maiatzaren 4ra izango dira lanuzteak.

Lan hitzarmenerako negoziaziorako azken bilera martxoaren 25ean egin zuten TUV Rheiland Ibericako langile batzordeak eta zuzendaritzak, baina inolako emaitzarik gabe bukatu zen, eta ordutik ez dute berriro batzarrik deitu. Blokeo egoeraren aurrean, aurtengo otsailean langile batzordeak iragarritako greba egutegiarekin aurrera egitea erabaki du. 55 egun dira lanuzte eguteagia osatzen dutenak.

Lehenak Aste Santu aldera gauzatu zituzten langileek, martxoaren 25etik maiatzaren 6ra. Egun horietan Urnietako eta Irungo Ibilgailuen Azterketa Teknikoa pasatzeko tailerrak itxirik egon ziren, eta gipuzkoar askok, ziurtagiria eman dezaketen beste tailerretara joan behar izan zuten, Gipuzkoatik kanpora. Orain berriz, apirilaren 29an, 30ean, maiatzaren 2an, 3an eta 4an izango dira greba egunak..

2010ean sei hilabete baino gehiago iraun zuen greba egin zuten IATko langileek, lan baldintzak hobetzeko helburuz. Aurten ere, negoziazioa benetan gogorra izango dela dirudi.

abril 16, 2013

Huyck Wangner-eko langileek ez dute onartu zuzendaritzaren eskaintza

Iturria: Berria.info – 2013/04/15

Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako langileek ezezkoa eman die zuzendaritzak egindako azken eskaintzari, eta euren enplegua defendatzeko “borrokan” jarraituko dutela azaldu dute. Bigarren Enplegu Erregulazio Espedientea sartu zutenetik hirugarren bilera izan zuten iragan ostiralean lantegiko langile batzordeak eta enpresaren zuzendaritzak. Mikel Zabaleta ELA sindikatuko ordezkariak azaldu duenez, “zuzendaritzak estreinakoz onartu du 75 langile kaleratzeko espedientea ez dagoela Zizurkilgo lantegiaren datuetan oinarrituta”. “Sektorea krisian dagoela, eta taldea bere osotasunean egoera txarrean dagoenez, enpresa osoa kontua hartuta hartu dutela erabakia esan digute”, adierazi du Zabaletak.

Gainerakoan, enpresak kalte ordaina 40 egunera igo du, 18 hilabeteko mugarekin. Halaber, enpresak beste lurraldeetan dituen ordezkaritzetan 13 langilerentzako lanpostua bermatzen zuela azaldua zuen, eta horientzat erraztasun handiagoak agindu ditu. “Gure iritziz, enpresa honek irabazten duen dirutza eta hemendik eman duten diru pila kontuan hartuta, hori huskeria da”, azaldu du Zabaletak.

Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epea apirilaren 25ean bukatuko da. Hori murrizteko aukera bakarra bi aldeak adostasunera iristea litzateke. “Egun horretara iritsi bitarte ez badago adostasunik, kaleratzeak komunikatuko lituzkete, eta ondoren guk salaketa jarriko genuke”, dio Mikel Zabaletak. “Geroz eta informazio gehiago izan are gehiago konturatzen gara bidegabekeria handia izan dela dena, eta langileek oso argi dute euren lanpostuen defentsan jarraituko dutela borrokan”.

A %d blogueros les gusta esto: