«Erantzun handiena eman behar da, eta greba orokorra da handiena»

Iturria: Berria.info / Xabier Martin Donostia – 2013/03/15

AINHOA ETXAIDE. LABEKO IDAZKARI NAGUSIA

Biharko manifestazioa «amore ez emateko borroka aro» berri baten hasiera izango dela dio Ainhoa Etxaidek. Greba orokorra baztertzen ez den «aukera» dela dio, «eztabaidatzen» ari direla.

Donostiako LABen egoitzako bulegoan tartetxo bat hartu du sindikatuko idazkari nagusiak elkarrizketarako. Lan gatazkak berriro koska bat egin du gora, eta Iñigo Urkulluren Jaurlaritza finkatzen ari den politikarekin oso kezkatuta daude LABen. Apenas duen betarik hizketarako Ainhoa Etxaidek (Hondarribia, 1972).

Lorpen historikoak galdu dituzte langileek, eta aurki lan erreformak beste aizkorakada bat emango du ultraaktibitatearen araua dela eta. Bihar manifestaziora deitu duzue, Bilbon. Mobilizazioa nahikoa ote da aparteko egoera honetan?

Nahikoa ez dakit, baina bai ezinbestekoa. Alternatiba bat eraikitzeko urratsak egin behar ditugu. Mobilizaziorik gabe ez dago harresiak eraikitzerik egiten ari direna gelditzeko.

Euskal Herriko hiru administrazioek, bakoitzak bere ezaugarriekin, murrizketen bidea hartu dute. Non geratzen dira euskal langileak?

Non geratzen dira langileen interesak eta gure etorkizuna herri gisa? Hori da benetako galdera. Guk ez dugu lekurik administrazio horietan, ez bultzatzen ari diren erreforma kapitalista basatian. Horregatik aldarrikatzen dugu burujabetza prozesu bat, herri gisa gure bidea egiteko. Horren emaitza, gure herriaren gainean eraikitzen den heinean, betiere emankorragoa izango da.

España marka zama dela uste dute batzuek. Hala esan dute susmagarritzat jo ezin diren ahotsek, Gamesako presidenteak eta Adegikoak adibidez.

Horregatik da are ulergaitzagoa EAJk Euskal Herria marka eraikitzeko hautua ez egitea. Legebiltzarrean inoiz baino gehiengo erosoagoa izango luke. Bide propioa aldarrikatzen duen sindikalgintza dago, eta bide hori babestu eta bultzatuko lukeen herria; azken hiru urteotan sortu den agertokiari esker baldintza politikoak ere badira, gainera. Beraz, galdera da zer ematen dieEspaña markak EAJri eta Confebaski?

Zer ematen die?

Confebaski eman dio, beti eskatu eta sekula lortu ez duen lan erreforma; eman dio hainbesteko borrokarekin lortutako hitzarmenak hausteko aukera; eta eman dio gehiengo sindikalaren eredua baztertu, eta erabat agortuta dagoen estatu sindikalgintzarekin bere bidea egiteko aukera. EAJri, berriz, ildo neoliberala inposatzeko aitzakia eman dio; adibidez, lanorduak luzatu ditu administrazioan Madrilek behartu duela esanez, eta hori gezurra da: Nafarroak ez du luzatu.

Patxi Lopez Jaurlaritzan sartu eta gutxira greba orokorrera deitu zenuten. Gauza bera gerta dakioke Iñigo Urkulluri?

Ez dugu ezer baztertzen, kontuan hartuta mahairatu dituen aurrekontuak, arlo publikoan lan orduak luzatu dituela, eta politika neoliberalen aldeko apustuan dela. Ulergaitza litzateke gainera, horrelako erabakiak hartzen dituen gobernu baten aurrean ahal dugun erantzun zabalena eta argiena ez ematea. Erantzun zehatz hori eztabaidatzeko fasean gaude. Kontua ez da egun bat jartzea, EAJri erabakiak aldaraziko dizkion estrategia eraginkorrena zein den eztabaidatzea baizik.

Euskal langileek, eta gizarteak oro har, krisia hasi zenetik seigarren greba orokorra litzatekeenari behar bezala erantzuteko prest ote daude?

Seguru gara langileak prest daudela aldaketa soziala eta politikoa ekarriko dituen borrokarako. Langile askok egiten dute hautu hori, badakigu. Egia da, bestalde, greba metaketa hutsetik haratago, aurrerapausoak emateko grebak eraginkorrak direla erakutsi behar diegula langileei. Aldaketa ekarriko duen borrokara lotzea eskatzen ari gara azken batean. Arazoa ez da langileak prest ote dauden, herria beti baitago prest; hori bainoago, borroka eskaintza errealak egitea da kontua, greba deitzen dugunok neurri hori ongi azaltzea, alegia.

Greba orokorraren aukera zabalik dela ulertzen dut. Noiz deitu daitekeen ere zabalik dago?

Datozen asteetan aurrekontuen auziak nora jotzen duen ikusiko dugu; Nafarroan, berriz, aurrera edo atzera egin beharko du Gobernuak; pentsio erreformaren inposaketaren atarian gaude… Apirilean eta maiatzean erabaki garrantzitsuak datoz, eta denak langileen kontrako erasoak. Horrek erantzuna eskatzen du, eta erasoaren neurria ikusita, ahalik eta erantzun handiena eman behar da LABen iritziz; erantzunik handiena greba orokorra da.

Aparteko egoerak ez du sindikatuen erantzun bateratu iraunkor bat merezi? ELArekin batasun estrategikoa lortzeko urratsak egin daitezke?

Egin daitezke eta premiazko dira, baina horretarako akordio estrategikoak eraiki behar dira, gero langileriari eskaintzeko. Euskal Herria zein fasean dagoen eta horretan sindikalgintzarentzat zein den bide eraginkorrena partekatu behar dugu. Akordio zehatzetatik haratago, horrelako oinarri estrategikoa behar da. Hori eraikitzeak garai berria ekarriko luke sindikalgintza abertzalean. Elkarlana bai, baina ez baita sekula aliantza estrategikorik egon. Premia ikusten dugu eta zailtasunak ere bai. Krisi honek eskatzen duen langile borroka kudeatuko duen eredu sindikalaz hitz egin behar da.

Baina sindikatu abertzaleek aurre egin diezaiokete egoera honi zatikaturik?

Ez genioke inolako mesederik egingo langileei eta garesti ordainduko genuke. Kongresuetan ikusi denez, bi sindikatuok aliantzaren aldeko gara, baina egoera berezi eta berri bati buruz ari gara, eta zailtasunak asko dira.

Zer jokatzen ari da langileria?

Langileria eta gizartea hauxe jokatzen ari dira: Euskal Herrian erreforma kapitalistarik bortitzena gailentzen den edo benetako burujabetza ekonomikoaren hautua egin eta beste eredu ekonomiko bat eraikitzea lortzen den. Bi errealitate horiek aurrez aurre daude une honetan.

Zer-nolako mezua eman du Eusko Jaurlaritzak 35 orduko lanaldiaren araua hautsita?

Enplegua kentzeko prest dagoela esan dien langabeei, ez dela aldaketa ekarriko duen gobernua. ‘Oraindik ez gaude irtenbideetan pentsatzen ari’ izan da sakoneko mezua. Murrizketek luze joko dutela esan du. Mezu maltzurra da eman duena, badakielako alternatibak badirela.

Urkulluk hartu zintuzten berriki lehendakaritzan. Ez dago gutxieneko akordioak egiteko tarterik?

Guztion artean trantsizio bat antolatzeko esan genion, eredu propioa eraikitzeko. Ateak itxi zizkion horri, eta beste hainbat gauza aztertzeko modukoak esan ere bai; hitzak hitzak dira, baina. Ekintzak ez, eta murrizketen alde egin dutela ikusi da. Zertarako eseriko gara gobernuarekin? Gu beti gaude prest akordioak egiteko, baina ateak ixten badira…

Enpresa jarri du ardatz Jaurlaritzak enplegua sortzeko irtenbide gisa. BGAE ekarpenak baliatuz funts bat proposa dezakete aurki finantzaketa iturri gisa. Zer diozu?

Ezetz, ez duela enpresaren alde egin, espekulazio kapitalaren alde baizik, patronalaren betiko eskakizunei men eginez. Finantzaketaren arazoa neurri batean Kutxabankeko prozesuak eragin du. Beraiek jakingo dute zergatik dituzten menpekotasun horiek.

Lan gatazkak areagotzen ari dira, eta udaberri gogorra dator ultraaktibitatearen amaierak jarri duen marra gorria dela eta. Zer-nolako aroa datorkigu?

Gizarteak amore ez emateko deia egingo dugu bihar hasita. Langileei hitzarmenei uko ez egiteko deia egingo diegu. Ekimen sindikal berriak behar dira errealitate hori ekiditeko; ezin dugu hurrengo egunera begira jarri. Ez dugu onartzen hitzarmenen arazoa konpontzea sindikatuen esku dagoela esatea; lan erreformak eragin du errealitatea, eta patronalak oztopatzen du akordioa. Confebasken errealitate hori ekidin nahi badu formulak badaude. Horretarako prest gaude. Bestela borroka ikusiko dute, gatazka, eta langile asko kalean. Jaurlaritzari eskatzen diegu langileekin lerrokatzeko, ekimena hartzeko datorrena ekiditeko.

Euskal langileak Espainiako hitzarmen orokorretan sartzea gerta daiteke azkenean. Aukera bat da.

EAJ, Confebask, PSN eta UPN herri honekin egiten ari direna erakutsiko luke horrek: uniformizazioa onartzea. 78tik aurrera, urrats berriak egin beharrean atzerapausoak emango lituzkete. Zer autogobernuz hitz egiten ari dira? Hitzarmenen auziak ordezka dezake batzuek Euskal Herriarentzat nahi dutena eta besteek onartzen dutena. Krisiak aldaketa garaiak direla diote, eta egoera bortitzetan bakoitza den bezalakoa azaltzen dela. Zoritxarrez, oraingo hau da EAJ.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: