Ibermatican 232 lanpostu arriskuan ikusten dituzte

Iturria: berria.info – 2013/01/30

Kutxabanken ematen duen zerbitzua beste enpresa baten esku utz dezaketela uste du enpresa batzordeak

Ibermaticako 232 lagunen lanpostuak arriskuan egon daitezke. Hala uste du enpresa batzordeko ELAk, nahiz eta oraindik zuzendaritzak ez dien ez baiezkorik ez ezezkorik eman. Kutxabanken informatika zerbitzua eskaintzen du enpresak, eta hiru kutxen bat egitearekin, zerbitzuetan aldaketak egon daitezkeela heldu zaio enpresa batzordeari. Aldaketa horiek gauzatuko balira, aurrerantzean IdE Informatica de Euskadi taldea arduratuko litzateke informatika sistemaren garapenaz. Langileek euren egoera eta etorkizuna argitzeko eskatu diete bai Ibermaticari, bai Kutxabanki. Atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten, Donostian.

Derion, Gasteizen, Donostian eta Elgoibarren ditu bulegoak Ibermaticak. Enpresako akziodun nagusia Kutxabank da (%48 inguru du), eta ELAko ordezkariek azaldu dutenez, beste hainbat enpresatan dituen parte hartzeak saltzen ari dela ikusteak ere arriskuan jartzen ditu eurak: uste du Ibermaticakoak ere «saltzeko zorian» daudela.

ELAk jakinarazi duenez, IdEk sistemaren garapenerako ardura hartuko balu, Ibermatica soilik sistemaz arduratuko litzateke, Servimaticaren bitartez. Bien bitartean, sindikatuak salatu du Ibermaticako langileak aparteko orduak egiten ari direla, jakin gabe gero euren lanpostuan jarraituko duten.

ELAk adierazi du zuzendaritzaren aldetik erantzun «anbiguoak» jaso dituztela orain arte, eta uste dute hasitako protestak enpresa «estutzeko» modu bat izan daitezkeela. Hori dela eta, aste honetan elkarretaratzeekin jarraituko dute —gaur eguerdian Donostiako Ibermaticaren Miramongo egoitzaren aurrean—. Mobilizazio horiek amaitu ondoren erabakiko dute gehiago iragarri ala ez.

Vodafoneko langileek ere elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, kaleratzeen kontra. Espainiako Vodafonek gehienez 900 langileri eragingo dien lana erregulatzeko dosierra aurkeztu zuen urtarril erdialdean —telekomunikazio enpresak dituen langileen %21 dira horiek—. Vodafonek 85 denda ditu Hego Euskal Herrian.

Alestisen ere mobilizazioak iragarri dituzte gaurtik aurrera, ezarri nahi dieten erregulazioaren kontsulta fasean zuzendaritza «ez aurrera ez atzera» dagoela salatzeko. Otsailaren 5etik 8ra egun osoko lanuzteak egingo dituzte, eta bihar eta larunbatean manifestazioak izango dira Gasteizen.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: