Euskarak Araban sustapena behar du, ez murrizketa gehiago

Iturria: Berria.info – 2012/12/15

Arabako herri eta kuadrilletan euskararen sustapenean ari garen euskara elkarteok kezkaz hartu dugu Arabako Foru Aldundiaren 2013ko aurrekontu proposamena.

Euskara sailean 2013rako aurreikusi diren murrizketek, 2012an ezarritakoekin batera, azken 30 urteetan jarri ditugun oinarriak kolokan ipintzen dituzte. Izan ere, Araban euskarak eta euskaldun komunitateak azken hamarkadetan izan duten garapenean, nagusiki, bi faktorek eragin dute eta bi oinarri horiek dira zalantzan geratzen direnak murrizketa gogor horiekin.

Batetik, euskararen gizarte mugimendu antolatua dago. Araban, beste lurralde batzuetan bezala, hamarkadetan euskararen hedapenean aitzindaritza gizarteak berak izan du. Euskaldun antolatuek osatu eta osatzen dute Araba euskaldunaren bihotza. Bestetik, euskalgintza antolatu horren eskarien eraginez eta lurraldeko hainbat erakunderen apustuari esker, hain zuzen ere, azken urteotan herri eta kuadrilletan teknikari sare zabala eta sustapen dinamika partekatuak antolatzea lortu da.

Ezagunak ditugu indargabetze politika horiek hizkuntzaren normalizazioari eragiten dizkioten kalteak. Gure kide diren euskara elkarte nafarrek beren gobernuari urtetan egindako kritikak eta eskariak norabide bertsuan eginak dira. Ezagunak ditugu, beraz, politika horiek dituzten epe oso laburreko ondorioak eta baita epe luzeagoko egitasmoetan izan ditzaketenak ere.

Hainbat datu aipatuz erraz ikus daiteke euskararen aurrekontuek dakarten murrizketaren desproportzioa. Gobernuaren asmoak islatzen dituzten 2013ko aurrekontuetan murrizketa orokorra %9koa den bitartean, euskarari dagokion atalari %52 kentzen zaio. Aldea are nabarmenagoa da, 2011 urtekoarekin alderatzen bada, %66koa baita bi urteren buruan ezarri nahi den murrizketa, hau da, hirutik bi kenduko litzaioke euskarari, gaur egungo gobernuaren agintaldia hasi zenetik.

Neurrigabeko murrizketa horrek atzerapausoa ekarriko du gutxi aurreratu den arloan, euskararen erabilerarenean. Baina atzerapausoa ekarriko du, halaber, aurrera egiteko hainbat baldintza agertu eta lankidetzarako tresnak prest eta gertuen dauzkagun momentuan, horregatik izan daiteke erabakigarria euskarak hartuko lukeen kolpe hau.

Gaur egun arabar elebidunak duela 10 urte baino dezente gehiago gara, 16 urtetik gorako 50.000 euskaldun, adin horretako arabarren %18. Proportzioa askoz handiago da, esaterako, 16-30 urteko adin tartekoengan, eta, zer esanik ez, 16 urte baino gazteagoengan. Horrek, etorkizun hobea seinalatzen du euskararen ezagutzari dagokionean, eta, aldi berean, erabilerarako giro eta baldintza sozialak eskaini eta eskatu egiten ditu, inoiz ez bezala.

Hurrengo hamarkada erabakigarria izango da, esaterako, belaunaldi berri eta euskaldunagoko arabar asko eta asko guraso bihurtzen denean. Atarian dugun testuinguru horretan, erabilera sozialerako espazioak irabaztea, familia bidezko transmisioa, aisialdi eta formakuntzarako eskaintza, gazteen sentsibilizazio, motibazio eta aukerak ugaritzea, besteak beste, erabateko lehentasuna duten neurriak izan beharko lukete. Arlo horietan guztietan egin beharreko urratsak ez dira ez, egun batetik bestera, ezerezetik, sorturikoak, baizik eta, izatekotan, ondo planifikatutako eragile publiko eta sozialen urteetako lankidetzaren emaitza izaten dira.

Bestalde, Aldundiaren gobernuak aurkeztu duen euskararen sustapenerako atala indargabetzeko asmo hori batera dator erakundearen aldetik atalen zeharlerrotasun edo transbertsalitatea ez praktikatzearekin, euskararen normalizazioak eskatzen eta inork ukatzen ez duenaren kontra. Ikuspegi transbertsalaren falta, tamalez, ez da atzo goizekoa, ez eta gobernu honen esklusiboa ere, baina gabezi horri berezko sustapenaren indargabetzea gehituz gero, emaitza suntsitzailea izan daiteke, hizkuntza politika falta bera hizkuntza politika baita, normalizazioaren aurkakoa, alegia.

Arabar guztien dirua administratzeko ardura dutenek kontuan hartu beharko lukete 2011ko inkesta soziolinguistikoan euskararen sustapenaren inguruan 16 urtetik gorako arabar gehienek azaltzen duten aldekotasuna. Inkesta berak azalarazten dituen ezagutzaren gorakadak eta erabileraren estankamenduak, aurrera begirako aukerak eta beharrak seinalatzen dizkigute, baina, zoritxarrez, Aldundiaren oraingo gobernuaren asmoek horiei ekiteko zailtasunak baino ez dizkigute eskainiko.

Arabako herri eta kuadrilletan euskara sustatzen ari garen elkarteentzako oso berri txarrak dira Aldundiaren gobernuaren 2013rako asmoak eta horiek zuzentzeko eskaerarekin batera birbideratze horretan lagun dezaketen ekarpenak egiteko gure prestutasuna azaldu nahi dugu.

Artikulu hau Manuel Morenok sinatu du, Topagunearen eta Arabako elkarteon izenean: Ttiki Ttaka (Arabako Errioxa), Gutxisolo (Trebiñu), GEU (Gasteiz), Bidabarri (Zuia), Txirritola (Aramaio), Belaiki (Baranbio), Hogeitalau (Aiara), Basalarrina (Laudio) eta Aiaraldea Komunikazio Elkartea (Aiaraldea).

Etiquetas: , ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: