919 kolektiboaren komunikatua

Artista, EHU/UPV-ko Arte Ederren fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, eta interesa izan dezaketen pertsonei zuzenduriko komunikatua.
EHU-ko Arte Ederren Fakultateak BBVA Fundazioaren babesarekin antolatu duen XXIV. Ikusentzuneko Erakusketa dela eta, artearen esparruari dagozkien instituzio eta finantza entitateen artean ematen diren elkarlanen inguruan.
Zuetako askok bezalaxe, bai alor sozial, ekonomiko, politiko, zein kulturalean bizi dugun une latzarekin arduratuak gaude. Sistema kapitalistaren gainbeherak inoiz baino ageriago uzten du momentu hauetan bere porrota. Finantza erakundeek zorpetze egoera batetara eraman gaituzte, ordezkatzen omen gaituen klase politikoaren laguntza eta onespenarekin. Pertsonen ongizatearen gainetik Banku eta Aurrezki Kutxen ongizateari lehentasuna eman dion gupida gabeko klase politikoaz fido izan gara. Banketxe eta Kutxak dira, aipatutako politikariekin batera, pairatzen ari garen finantza krisian murgiltzera eraman gaituztenak. Estatu mailan egunero gauzatzen diren 500 kaleratze baino gehiagoren arduradunak dira, 5 miloi langabetuenak, gastu militarrean inbertitzearenak, ingurugiroari egiten zaizkion hainbat erasorenak, eta osasungitzan, hezkuntzan eta kulturan ematen ari diren murrizketen arduradunak ere neurri handi batetan.
Artearen esparrua ere ez da salbu odoluste prozesu honetan, horregatik zaila suertatzen da, burua beste alde batetara bueltatu eta ezer gertatuko ez balitz bezela egitea. Gehiago edo gutxiago, denok ezagutzen ditugu, instituzio kultural/artistiko eta finantza entitateen artean ematen diren harremanak. Aldi berean, erakusketa batean parte hartzeko aukeraren aurrean artista batek izan dezaken gogoa eta ilusioa ulertzen dugu, baina zein jolasetan parte hartzera gonbidatzen gaituzten kontziente izatea ere garrantzitsua litzateke aldi berean. Baldintza berdinetan jolasten ez den joku maltzur bat suertatu daitekelako, non batzuk, artista gazteen esparrua inguratzen duen prekarietateaz baliatzen diren beste nahi batzuk asetzeko, gehienetan kultura eta artearekiko interesetatik zeharo urrunak. Artistei eskeintzen zaizkien aukerak dira, eta hauen partetik legitimatutako espazio batean lan egiteko aukera garrantzitsu bat bezela jasotzen da, karrera artistiko baten hasieraren abiapuntu izan daitekelako. Nahiz artistak askotan, instituzioek beraiekiko egin dezaketen erabilera eta abusuaz kontziente izan, maniobrabilitate esparru oso mugatuarekin jokatzen duten.
Momentu hauetan bereziki bizi dugun egoeraren aurrean, Banku eta Kutxak erakusten ari diren jarrerarekiko, artearen esparrutik ere gure tokian ipintzeko beharra sentitzen dugu, beste alde batzutatik eragile sozial, mugimendu, kolektibo, langile, langabetu, ikasle, persona anonimo, e.a. egiten ari diren modu berean. Eredu neoliberala gizarteko geruza desberdinetan eragiten ari den kalte larriengatik kritikatua izaten ari den une berean, bidezko eta beharrezko ikusten dugu artea eta finantza entitateen artean sortzen diren harremanak ere zalantzan ipintzen hastea. Bai artista eta bai erakunde desberdinen partetik erabat barneratuta eta txertatuta dago erlazio mota hau, eta ez legoke txarto beste behin ere zalantzan ipintzea, artearen kontextuarentzako beste mota batetako espazio eta moduak lortu/eraiki asmoz. Entitate hauen menpeko ez izateko, hauen eraginpean lan egitea ekidin eta erabilera lizun horretara bultzatzen dituzten arrazoiak sahiesteko, hauen eskuetatik urruntzen diren espazio eta moduak gureganatu beharko genituzkela pentsatzen degu. Bai pertsona, bai artista bezala,
gure osotasuna eta duintasuna bermatuko dituzten esparruak beharrezko ikusten ditugu, azken finean gure miseriaren sustrai diren erakundeekin elkarlana sahiesteko.
Horregatik Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak, BBVA Fundazioaren laguntzarekin antolatu duen erakusketak sortzen duen kontextua aproposa iruditu zaigu, elkarlan hauen zentzu/interesa eztabaidatzeko. Berria ez den zerbait bestalde, baino beharrezkoa gure ustetan egoeraren larritasuna kontutan hartuta, entitate hauek direlako neurri handi batean ere honen erantzule. Hori dela eta proposamen bikoitz bat luzatu nahi genizueke:
a)Erakusketan parte hartu behar duten artistei zuzendua:
Pairatzen dugun egoerak bultzaturik, instituzio eta entitate finantzieroen artean garatzen diren elkarlanen inguruan gure kezka eta zalantza plazaratzeko intentzioz, erresistentzia mutuan oinarritutako lana planteatzea proposatu nahi dizuegu. Eskuhartze kolektibo eta partehartzaile bat proposatu nahi zaizue, autoretzaren ideia desagertzea bilatzen delarik, kolektibo bezela eragiten duen zerbaiti, erantzun KOLEKTIBO batez erantzun asmoz. Zentzu horretan, programatuta dagoen moduan, espazio eta denborak okupatzen jarraitzea proposatzen zaizue, artista bakoitzari egokitu zaion tokia errespetatuz, bainan beste modu batez. Horregatik koadro eta argazkiak, atzekaldea erakutsiz eskegitzea gonbidatzen zaizue bertan parte hartzen dezuten artistei. Eskulturak beraien paketatze kaxetatik atera gabe erakustea. Soinu eta irudirik gabeko imajinak, “txurian”, proiektatzea proposatzen zaizue bideo eta instalazioen kasuan. Ekintza performatiboak eta kontzertuen kasuan, isil eta ez-antzeztuak izatea proposatzen zaizue, e.a.
b)Artista, Arte Ederretako Fakultatea, EHU eta interesa izan dezaketen pertsonei zuzendua:
Erakusketan inplikaturik dauden alde desberdinez gain, artista, ikasle, irakasle, arte kritikariak, filosofo, eragile sozial, kultural, e.a. deia luzatzeko eskaera egin nahi genizueke, erakustokia bilkura marko bilakatu dadin, gogoeta eta eztabaidarako toki, aske, eta horizontala. Hemen planteatu nahi denak denoi eragiten digun gaia izanik, honen inguruan denon artean pentsatzeko.
Kolektibo honetatik, gure alorrean ohizko bihurtu diren eta normaltzat hartzen ditugun instituzio eta finantza entitateen arteko harremana zalantzan ipini nahi dugu, azken hauek egoera social, ekonomiko, politiko eta kulturalaren aurrean daukaten jarreraz arduraturik. Arte Ederren Fakultateak, modu honetako erakundeekin kolaboratzearen balio, zentzu eta helburua aztertu beharko lituzkela iruditzen zaigu. Bere lana erakutsi nahi duen ikasleari eskeintzen zaion aukera/ez-aukerari buruz hausnartu beharko luke. Fakultatea beste modu bateko erakustokiak eskeintzen saiatu beharko litzatekela pentsatzen dugu, non ikasle guztiek modu aske batetan esku har dezaten jarduera akademikoaren parte bezela, arrazoi ideologikoengatik inor kanpoan geratu ez dedin bermatuz. Arte Ederretako Fakultate bati eskatu lekioken gutxieneko zerbait dela iruditzen zaigu.
Arteari dagokion esparruak, Unibertsitateari dagokion alorrak eta interesa izan dezaketen pertsonek, hemendik luzatzen dizuegun proposamenari heldu eta zuena egitea desio dugu. Arte esparruari dagozkien instituzio desberdinen eta finantza entitateen arteko elkarlanaren inguruko gogoeta eta eztabaida ariketa egiteko eskaera luzatu nahi genizueke, praktika artistikoa ein handi batetan behintzat hauen barruan ematen bait da, eta zentzu horretan zeharo baldintzatua suertatzen da. Proposamena modu ireki batetan eta egoera sozial, ekonomiko, poltiko eta kulturalari lotuta ulertzea nahi genuke. Herri sentimenduarekin bat egiteko gonbitea luzatu nahi dizuegu. Zuengandik, gutako askok espero dugun keinua izango litzateke, gizarte honentzako erreferente garrantzitsua zaretelako. Egoera kontutan izanik, agian garai aproposa litzateke, elkarlan hauek berrikusi, aztertu, erantzukizunak onartu eta beste modu batetako harreman eta ereduak bilatzen hasteko.
Bilbo, 2012-ko abenduak 4.
919 KOLEKTIBOA

Hemen duzue komunikatua PDF formatuan, deskargatu eta zabaldu nahi ezgero: 919 KOLEKTIBOA

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: