Krisia ez da amaituko

Iturria: Joseba Azkarraga Etxagibel, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria / Berria – 2012/11/03

Batek daki non egongo garen urte bete barru. Atrebentzia dirudi Gabonetan Europa zer izango den aurreratzea. Oraindik nekezagoak dira lau urterako aurreikuspenak, nahiz erakunde guztiek gura duten plan estrategiko argigarria, zentzu pixka bat emate aldera eskuetatik joan zaigun garaiari. Prospektibak, 15-20 urteko epe-mugak alegia, irudi lezake Hollywood-eko gidoi fantastikoa. Baina ezinbestekoak zaizkigu prospektiba eta etorkizun ikuspegi luzea, nolabaiteko begiramen urruna, jakin baitakigu biziko ditugula gertaera transzendentalak. Gaurko gizarteari zimenduak urtzerainokoak Espainiari xarma nola.

Badator aro postfosilista, esaterako. Nago gero eta kontzientzia handiagoa dugula, baina kezkagarria da oraindik espazio mental hain gutxi uztea gizadiaren historian inflexioa ekarriko duen energiaren krisiari. Alegia, gaur bizirik diraugun gehienon bizitza eraldatuko duen kolosoari.

Zientzia da: amaitu zen petrolio ugari eta merkeari esker antolaturiko festa ikusgarria. Eta badira oraindik behar bezala jabetu ez diren herri sektoreak, egonean giro; badira itaun airez begiratzen dutenak; badira eszeptikoak; badira oin puntetan aldentzen direnak; badira aurrerapen teknologikoan fede hauskaitza dutenak; badira diotenak «goikoek pentsatuko zuten zerbait»; badira apokaliptiko oihukatzen diotenak mezulariari, jasanezina zaie pozbide asearen uzkurtzea. Jarrera askok ardatz dute ukazioa. Baita esperantza xaloa ere. Mentalitate magiko eta mitikoaren gaurko ordezkariak ote diren.

Aro postfosilistaren ondorioak? Bi hitzetan: hazkundearen amaiera. Festa alaitu digu beste ezerk ez bezala eta beharbada beste ezerk ez du ahalmen handiagorik airean uzteko sistema ekonomiko globalaren eta merkatu-ekonomia nazionalen zainak. Sistemak hornikuntza arazo larriak izan ditzake. Nekez ponpatuko du gure metabolismo urbano-industrialari eusteko adinako odol jariorik.

Prozesua hasita dago. Ez dago gaurko krisi finantzarioa ganoraz ulertzerik erreparatu barik petrolioaren 2008ko prezioari. Hots, zelan haziko da ekonomia erreala, nola mantenduko da kredituak eta horien interesak ordain daitezkeenaren fikzioa, beheraldi geologiko halabeharrezkoan sartu denean ekonomia produktiboaren hauspoa den lehengaia? Kasualitatea ote, PIIGS deiturikoek (Portugal, Irlanda, Italia, Grezia eta Espainia) izatea menpekotasun energetiko biziena Europar Batasunean? Espainiarentzat, industria turistikoak urtero ematen dion aberastasunaren adinakoa da petrolioaren urteko faktura. Eta erregaien prezioek gora egingo dute ezinbestean. Biziagotuko da lurra jotzera doan helikoptero baten gisako espainiar dantza.

Energia gutxiagoko etorkizunak nahitaez dakar desazkunde ekonomikoa. Eta hazi ezean, ezin zorrak ordaindu. Bai, tema gaitezke baliabideak bideratzen zorrak ordaintzera, baina horrek ez du ekarriko zorraren eta BPGaren arteko ratioa hobetzea, dagoeneko nabarmena da. Hori bai, ekarriko du baliabideok masiboki labaintzea ekonomia errealetik ekonomia finantzariora, asko dutenei gehiago emanez, pobretuz herritarrak, harrotuz ezberdintasunak, eraginez haserrea eta sistemarekiko urruntze psikiko hazkorra (ez bedi eskuin muturrerantz izan).

Soluzio teknologikoek eta mix energetiko berriak garrantzitsuak izango dira, baina nekez ordezkatuko dute petrolioaren indarra. Gaur-gaurkoz ez dago alternatiba energetikorik eusteko gizarte urbano-industrialaren forma eta eskala fisikoari. Are gutxiago bermatzeko bere tendentzia historiko hazkorra. Kontu sinplea da: krisi oraindik larriagoa ote dugun zain.

Gero eta gehiago dira arazoaz publikoki hitz egiten hasi diren instituzio ofizialak. Nazioarteko Energiaren Agentziak 2010eko azaroan onartu zuen 2006an gertatu zela petrolio konbentzionalaren ekoizpenaren gailurra (anglosaxoiek peak oil deitzen dutena). Negozio munduan ere areagotu dira gogoetak. Politikariak ere badatoz. Gurean, nabarmen hazi da arazoaren gaineko kontzientzia publikoa, baina apenas dagoen kontzientzia publikaturik. Are gutxiago estrategia nazionalik. Iragana gurtzea maite duen herrian, aise nabarmentzen da blaitzen gaituen iragana omentzearen goxoak baduela alde gazia: prospektibarako pentsamendu eta testugintza gutxikoak gara.

Energia gaietan adituenetakoa den Pedro Prieto madrildarrari entzun nion, autodeterminazioaren alde ari zela: «Baina, zertarako nahi duzue burujabetza politikoa, euskal gizartearen menpekotasun energetikoa ia erabatekoa denean?» Zierto, nekez aurki daiteke aro postfosilistaren aurrean gu baino menpekoagoa eta hauskorragoa den herrialde europarrik. Espainia bera hobeto dago, oso txarto egonik ere. Esan beharko zaio madrildarrari estatu egiturarekin hobeto egin dakiokeela aurre poshazkundeari. Baina oharrak balio behar liguke: burujabetza juridiko-politikoa eraiki bitartean, premia bizia dugu bestelako burujabetzak herri estrategiaren hesteetan txertatzeko. Errepide orri sozioenergetikoak behar du bere Loiola, behar du bere Aiete.

Mundu guztiak dio erraldoiak direla desafio ekonomikoak, baina ez da egia. Aurre egin beharko zaio ekonomiari aldi berean aurre eginez askoz gehiagori. Lehengai guztiek baitigute agindu eskasiaren igurtzia (peak everything, berriro anglosaxoiek).

Bi aukera daude. Bat, business as usual formularekin jarraitu: kolapso sistemiko kaotikorako bidea. Bi, emergentziaren tamainaz jabetu eta modu tolesgabean egin energia matrize berri eta berriztagarriaren alde; barneratuz energia gutxiagorekin bizi beharko dugula; jakinik energia eredua aldatzeak gizarte eredua aldatzea dakarrela hein handian. Fracking-a bezalako hautu fosilistetan betikotzeak esan nahi du aro berria barneratu ez dela. Eta ahaztu ohi dela petrolioaren gailurrari gasarenak jarraituko diola.

Kolapso handiagoaren atarikoak bizi ditugula diote prospektibako datu zientifiko gehiegik. Eta behar dira neurri eraginkor, azkar, ausart eta are iraultzaileak, eraiki aldera erresilientzia komunitario eta nazionala. Dramatikoegia? Ekonomialari konbentzional gehienek ez zuten burbuilaren eztanda aurreikusi, euren eraikin kontzeptualak arrakala latzak baitzituen oinarrian bertan. Gaurko begiratu hegemonikoak jarraitzen ote duen pitzaduraren luze-zabala haztatu ezin duen itsua izaten.

Etiquetas: ,

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: