Batasuna helburuek definitzen dute

Iturria: ELA Sindikatua / Adolfo Muñoz “Txiki” – 2012/09/07

Ez luke zentzurik sindikatu batek ekintza bateratua baztertzea; areago ezartzen ari diren politikak ikusirik. ELAren iritziz, aliantzak mugimendu sindikal eta sozialarentzat estrategikoak dira; izan ere, beste hainbat sindikatu eta mugimendu sozialekin lanean ari da Euskal Herri mailan osatutako plataforma batean.

Hau argituta, CCOO eta UGTrekiko desadostasuna, sakoneko desadostasuna, zertan datzan azaldu beharra dago.

1.- Ez da bidezkoa batasunaren kontzeptua demagogia egiteko erabiltzea. CCOO eta UGT horretaz soilik une jakin batzutan gogoratzen dira. Taxuz hitz egitekotan, edozein batasun helburuen baitan dago, helburuen arabera definitzen da. Hots, batasuna zertarako da? Esaterako, patronalaren eta gobernuen arteko aliantzari kargu hartzen diogu, interes berberak dituztelako. Horregatik, batasunaren aipamenak ez dauka zentzurik, zein helburu lortzeko ahazten bada. 

2.- “Elkarrizketa soziala” izeneko horren mahaietan egoten jarraituko dute, “gobernuen politikan eragina izateko” balio dutelakoan? Mahai horietan gobernuei kolaborazioa ematen zaie; mahai horiek xede bakarra dute, merezi ez duenari (gobernu zein patronalei) legitimazio soziala ematea. Zergatik eusten diete hor egoteak langile-klaseari onik ekartzen ez badio ere? Duela gutxi CCOOeko buruzagi batek esan zuenez elkarrizketa sozialeko mahaiak mantentzeko asmoa dute, “doikuntzen iraupena eta intentsitatea” edozein dela ere (?).

EAEn, mahai horiek krisia bete-betean zenean eratu ziren. Lopezek murrizketa andana ezarri du (baita berak bultzata ere), eta jokabide horri eusten dio. Rajoyk erreforma laborala onartu eta egun gutxira Lopezekin beste “enplegu-plan” bat adostu zen, hain zuzen, enplegu publiko gehien suntsitzen ari zen unean. Zer dela eta ematen diote babesa Lanbideri, desastre hutsa bihurtu den erakunde horri?

Nafarroan, besteak beste, Moderna Plana sinatu zuten, politika antisozialak jasotzen dituen egitasmoa. Nafarroako gobernuak esker onez domina bat eman zien.

Hori guztia gertatzen zen bitartean, Euskal Herrian deitu izan ditugun alternatiba eta mobilizazioen aurka agertu dira. Hala gertatu zen 2009ko maiatzaren 21eko greba orokorrarekin: deskalifikatu nahian, “greba politikoa” zela esan zuten. Bitxia da, baina argudio horixe darabil orain eskuinak beren mobilizazioekiko.

Sindikatu eta gizarte-mugimenduek osatutako plataformak –60tik gora biltzen ditu- alternatibak gizartean ezagutarazi eta mobilizazioa bultza nahi du. Hor elkartu garen erakundeok bat gatoz: “elkarrizketa sozial” delako hori apustu desmobilizatzaile eta alferrekoa da, eta berari eusteak ekintza bateratua eragozten du.

3.- Aurrerantzean ere Madrildik galarazi egingo al digute Euskak Herrian zer eta nola negoziatuko den? Horixe egin dute beren erreforma onartu zenetik: negoziazio kolektiboa zentralizatu, bi helbururekin; batetik, lan-baldintzak pobretzeko aukera ahalbidetzea, eta bestetik, guri negoziatzeko eskubidea ukatzea, estatu mailako monopolio sindikala finkatzearren. Monopolioa lortu nahi izatea aliantzarekin bateraezina da. Bakarrik geratu nahi duenak ez du aliantzarik behar. Kontu oso serioak dira hauek; ez da gauza bera hitzarmen bat berton edo Madrilen negoziatzea (aski da estatu mailako hitzarmenen eraginpean dauden langileei galdetzea). CCOOek eta UGTk uste dute euskal sindikalismoari negoziatzeko ahalmena kenduta beronen eragina murriztuta geratuko dela. Helburu horretxekin babestu zuten Funtzio Publikoaren Oinarrizko Estatutua, zeinek definitzen baititu estatuak administrazio guztietarako “oinarrizko” izango diren gaiak. Bada, Rajoyk eta Zapaterok arlo publikoan murrizketak ezartzeko hartu dituzten erabakiak estatutu horretan oinarritu dituzte. Horrenbestez, CCOO eta UGT eredu zentralizatzaile baten parte dira. Ez dute Madrilen menpeko ez den inongo erabaki politikorako esparrurik aitortzen. Zerbaitegatik zuzentzen dizkiote aldarrikapenak PPri, soilik alderdi honi. 

4.- Monopolioa lortzeko seta hori medio, Nafarroan CCOO bere neurrira egindako lege espainiar batez baliatzen da ELAk hauteskunde sindikalak sustatzea eragozteko, hauteskunde sindikalen akordioa hautsiz. Pluralismo sindikalari egindako eraso hau ezin da inola ere onartu. 

5.- CCOOek eta UGTk batasuna nahi dute, baina nahierara kudeatzeko. 2011ko urtarrilean sinatu zuten pentsioen erreformaren baitan erretiratzeko adina 67 urtera atzeratzea. Orduan ez ziren inorekin akordatu; ez zuten erreferendumik, ez antzeko ezer eskatu. Egin egin zuten; kitto. Areago, pentsioen etengabeko erreformari ireki zioten atea. Oraintxe badakigu PP beste bat ari dela prestatzen. Alde bakarretik jokatu zuten ere CEOErekin 2011n Negoziazio Kolektiboko Akordioa sinatzean, non soldatei egozten zitzaien enpresen “lehiakortasun galera”(?). Esan zutenez, beste erreforma laboral bat ekidin nahi zuten. Baina ez zuten lortu, inondik ere. PPren 2012ko otsaileko erreforma laborala, inoiz ezagutu dugun basatiena, ez zuten galarazi. Aitzitik, CEOEk akordio hura hartu zuen ahotan, “PPren erreformari atea ireki” ziola esanez. 

6.- CCOOek eta UGTk gehiengo bakarra onartzen dute, eurena. Ez dute jasaten Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikal nagusia eta Espainiakoa berdinak ez izatea. Euskal Herria, euren ustez, bi autonomia-erkidego gehiago besterik ez dira. ELAk errespetu demokratikoa exijitzen du euskal gehiengoentzat. Halere, Patxi Lopezekin eta Confebaskekin elkar hartuta ELAren ordezkaritza (baita LABena ere) usurpatzea erabaki dute KESen, HOBETUZen, LANBIDEn… Gobernuari babesa emate aldera eta bide batez Lan Harreman eta Gizarte-Babeseko Euskal Esparruaren kutsua izan dezakeen edozer ezabatu nahian.

7.- CCOOek eta UGT ezkutatu egin nahi dute eragiten dizkiguten erabaki nagusiak alderdi handiek adostu dituztela: bankuen zorra publiko bihurtzea, gero murrizketak eginez ordaintzeko (PP-PSOE); Konstituzioa aldatzea (estatu-kolpe antisoziala) Aurrekontu Publikoen lehentasuna, beste edozein gastu sozialen gainetik, zorrarekin espekulatzen dutenei ordaintzea izan dadin (PP-PSOE); EB mailan itxitako egonkortasun ituna (Kongresuan joan den ekainaren 21ean onartu zen, PP-PSOE-PNV-UPN-CiUren botoekin), eta, noski, oinarri-legeak estatu guztian politika berbera egitera behartzeko erabiltzea (PP-PSOE). Guztia adostuta dago. Zergatik ez diete gainerako alderdiei kargu hartzen?

8.- CCOOek eta UGTk dilema bat ebatzi behar dute. Espainiar estatuan agintzen duen eskuinak ez ditu bere helburuak ezkutatzen. Eskuin horrek ez dauka konplexurik. Espainian eskuina muturrekoa da, eta eskubide laboral eta sozialez gainera askatasun sindikalari nahiz demokraziari berari dagozkion beste batzuk ere ezabatu nahi ditu. Etsaitzat hartzen ditu sindikatuak. Hots, argi dago “elkarrizketa soziala” ez zela lorpen bat, unean-uneko gobernuak emandako kontzesioa baizik. Zer egingo dute orain Madrilen eta Euskal Herrian?

Amaitzeko, begibistakoa da arazoa non dagoen: batetik, pairatzen dugun politikan, eta bestetik, gobernuei eskatzen dien guztia jasotzen duen patronalean. Beraz, ez dugu onartzen arerioak sindikatuen artean bilatzen ibiltzerik, are gutxiago euskal gehiengo sindikal eta sozialetan. Guretzat sindikatuak ez dira etsaiak. Baina aliantzak helburuen araberakoak dira. ELAk ezinbesteko ikusten ditu edozein esparrutan politika horien aurka egiten ari diren mobilizazio guztiak, eta oso egokia litzateke sindikatuen eta gizarte-mugimenduen gehiengoak irailaren 26rako egin duen deialdiarekin bat egitea.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: