Forua, aparteko paga eta baloiak kanpora botatzea

Iturria: ELA Sindikatua / Ivan Giménez – 2012/10/29

Erabileraren erabileraz, hitz batzuek bere esanahi guztia galdu eta, azkenean, gauza bat eta kontrakoa adierazten dute. Edo bestela esanik, sinbolo barren hutsak izatera iristen dira, halako kontzeptu hanpatsuak, eta zerbait ezkutatzeko, jendea nahasteko eta ziria sartzeko erabiltzen dira, denboraren joanean hartu duten ustezko ospea ederki baliatuta. Horixe da Forua, gaur egun.

Eta Parlamentuak ez badu Foruaren (1982ko Foru Hobetzea) muinetako bat babesten, hau da, ez badu babesten Nafarroak eskumen osoa duela bere enplegatu publikoen gaineko legeak egiteko (eta, Estatuaren esku-sartzea eragozteko), bi gauza hauetako batek ez du piperrik balio: edo Foruak edo parlamentariek, ez baitituzte herritarren eskubideak babesten.

Nafarroako eskumen oso hori, egia esan, sekulako traba izaten ari da UPNrentzat eta PPrentzat, bi-biak ere dena zentralizatzeko ahaleginean ari baitira, bai eta enplegatu publikoak pobretzeko lehia bizian ere; orain, gainera, 2012ko soldataren % 7 ezabatu nahian: Eguberrietako saria, alegia. Nik ere, tira, uler dezaket bi alderdiek tinko baino tinkoago esatea derrigorrezkoa dela Raxoiren Lege Dekretua betetzea, halaxe komeni baitzaie: jakina, soldatak murrizten dituzte eta, horrez gain, errua Madrili botatzen diote, edo Bruselari, edo Berlini …., eta 60 milioi euro aurrezten dituzte, zertarako eta dirutza hori kirol-pabilioi hutsetan, zirkuituetan eta inora ere ez doazen trenetan xahutzeko.

Gauzak horrela, Foru Gobernuak hainbat astetako atzerapenez eman die sindikatuei txosten juridiko jakin bat, eta txosten horrek, egia esan, erabat jarri du zalantzan aparteko paga ezabatzeko derrigortasuna. Edozein gauza, denbora irabazteko, eta bidenabar, 2013ko pagak aurreratzearen ziria lau haizeetara zabaltzeko, ebasketa mozorrotze aldera. Zer pentsatuko lukete, adibidez, ideia hori ontzat jo dutenek, azaroko lansaria ezabatuko bagenie, hurrengo soldata egun batzuk aurreratzearen ordainez? Ez da horren ideia ona, ezta?

Parlamentuko oposizioari, alabaina, askoz ere gehiago exijitu behar zaio. Talde guztiak irmo mintzatu baitira 25.000 nafar langile ingururi aparteko paga ezabatu nahi dien Barcinaren legearen aurka. Guztien iritziz, huraxe “engainu hutsa” da; orduan, zergatik abstenitu dira PSN, NaBai eta I-E? Abstentzio horri esker proiektu hori aurrera baitoa eta parlamentuko txosten batean aztertuko da. Ez al zen errazagoa proiektuaren kontra bozkatzea, edo osoko zuzenketa aurkeztea (Bilduk egin zuen bezala), legea Barcinari itzultzeko eta pilota berriz ere haren teilatuan jartzeko? Nolanahi ere, hilabete bat gelditzen da, abian den txostenak norabidea zuzendu dezan eta behar diren neurriak har ditzan aparteko paga kobratzeko.

Ez dezagun bistatik gal Gobernuak duela arazoa: indarrean dauden Aurrekontuetatik atera nahi baitu aparteko paga eta, hartara, berariazko lege bat onetsi behar du Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutua ere aldatzeko (1993), non argi eta garbi ezarria baitago aparteko bi paga daudela. Une honetan, argi dago UPNk gutxienez ere beste bazkide bat behar duela parlamentuan (PPz gainera) era horretako lege bat onesteko, baina ez badu bazkiderik aurkitzen… ez da aparteko paga ezabatuko duen legerik sortuko. Barcinaren Gobernuak ez du legezko euskarririk izanen bere enplegatuen diruaz jabetzeko, eta Estatuak, gainera, ez du legerik errekurritzerik izanen, ez baita legerik izanen. Zer gertatuko ote litzateke, ondoren?

Hori hipotesien alorrean sartzea da. Agintariek darabilten argudioaren arabera, Estatuak eragotzi eginen du, nola edo hala, aparteko paga ordaintzea; argudio ezkor eta etsikor hutsa da. Argudio horren arabera, izan ere, onena izanen da sekula santan ezer ez egitea (ez politikoki, ez sindikalki), Madrildik etor ote daitekeen erantzunaren beldurrez. Eta Estatuko abokatuaren balizko errekurtsoari aurre egiteari dagokionez, esan beharra dago arrisku hori beti egoten dela Foru Parlamentuak lege bat onesten duen aldi bakoitzean. Arrazoibide hori bururaino eramanez gero, gainera, parlamentua erabat geldirik legoke; hau da, errekurtso baten gaineko beldurrak eraginda, ez dugu deus ere eginen.

25.000 langile horiei beren soldata ordaindu nahi ez dienak (Foru Administrazioak, udalek, mankomunitateek, NUPek, enpresa publikoek…) mataza juridiko latzean nahasi nahi gaitu, herritarrak gogogabetzeko, eta politika (edo bestela esanda, posiblearen artea, aukeraren artea: erabakiak hartzea) beste batzuek erabakitzen duten kudeaketa hutsa izan dadin, neurri bakoitza derrigorrezkoa eta alternatibarik gabea delakoan. Eta horrek, zalantzarik gabe, antz handia dauka diktadurarekin. Azken buruan, ez da kontu juridiko bat, borondate politikoa baizik.

Barcinaren Gobernuko txostenak berak aitortzen du berariazko lege bat onetsi beharra (eta txosten hartan esaten da murrizketa “aplikagarria” dela; ez besterik). Horrela, beraz, Zuzenbideaz haratago goaz, politika hutsaren alorrean barneratzeko: hots, legeak gehiengoz bakarrik onesten dira, eta gehiengoak irizpide politikoetan oinarrituta osatzen dira. Hau da, aparteko paga kobratzea 50 parlamentari nafarren mendean dago; ez beste ezeren edo inoren mendean. Baloiak jokatzeko daude eta ez kanpora botatzeko. Eta, parlamentari batzuek diote: eta, hala ere, Estatuak errekurtsoa jartzen badu? Erantzuna Parlamentuko letratuetako batek eman du bere txosten juridikoan: gobernu zentralaren gainean “karga prozesala” erortzen denez, hark arrazoitu beharko du bere neurrien premiazkotasuna, eta azken emaitza ez daiteke “behin-betikotzat” jo.

Aipatu letratuak, gainera, mandatu deseroso bat ere helarazi die parlamentariei, haiek guztiak Foruen defendatzaile garbi askoak izaki (edo horixe aldarrikatzen dute ozenki): “Onar al dezake besterik gabe Foru Komunitateak foru-araubidearen betiko eskumenaren muina bete-betean ukitzen duen neurria?” Eta letratuak berak hauxe ohartarazi die jaun-andere parlamentariei: “Hori abagune politikoaren arloari dagokio”. Jakinen ote dute oposizioko parlamentariek abagune hori ikusten edo txostenaren paperen artean galduko ote zaie?

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: