Iruzur sistematikoa Lanbidek egiten dituen kontratazioetan salatu du ELAk

Iturria: ELA Sindikatua – 2012/10/17

Epaitegiek dagoeneko ebatzi dituzte ELAk aldi baterako lanpostuak esleitzeko prozesuen aurka jarritako 30 erreklamazioetatik zortzi. Guzti-guztietan Eusko Jaurlaritza kondenatu dute prozeduretan izandako arbitrariotasunagatik, eta prozesu horietan egindako esleipen guztiak baliogabetzat jo dituzte.

Bestalde, Lan Ikuskaritzak hainbat ikuskapen-akta egin du, eta LANBIDEko beste ehun bat langileren kontratazioan iruzurra egon dela baieztatu du. Akta horietan Ikuskaritzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio langile horien egoera erregularizatzeko, alegia, lan-kontratuak eraldatu eta mugagabeak egiteko. Eusko Jaurlaritzak bereari eutsi eta interesdunak epaitegietara jotzera behartzen ari da.

Gogorarazi nahi dugu, beste behin ere, LANBIDEk ez duela oraindik ezarri bere lanpostu-zerrenda (LPZ), eta ezaguna den bere antolaketarik ezari ilegaltasuna ere gehitu behar zaiola, nahiz eta Legebiltzarrak behin baino gehiagotan aipaturiko LPZ ezartzeko exijitu dion.

Jaurlaritzaren jarrera horren ondorioz, langileen erdiak aldi baterako kontratua dauka. Eta ez hori bakarrik: kanpoko langileak kontratatzera jotzen dute (Indra bezalako enpresetara), Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren pareko soldatak ordainduz, eta RGIrentzako diru publikoaren kudeaketa esku pribatuetan uzten dute, inongo kontrolik gabe. Eta hori guztia egiten dute jakinda zer egin behar duten: Eusko Jaurlaritzako lan-poltsetako pertsonala kontratatu.

Azkenik, iritzi publikoari jakinarazi nahi diogu dagoeneko hainbat salaketa jarri direla LANBIDEn, mobbinga dela eta. Gure ustez, sorturiko lan egoera haztegia egokia da praktika horiek zabal daitezen.

LANBIDEn bere sorreratik bertatik gertatzen ari den lan-eskubideen urratze sistematikoaren errudunak –egitez edo ez-egitez– ezagunak dira: LANBIDEko zuzendaritza, Enpleguko sailburua eta sailburuordea, Funtzio Publikoko sailburuordea eta zuzendaria eta LANBIDEko Administrazio Kontseilua (ez ahaztu bertan Confebask, CCOO eta UGT daudela).

Begi-bistakoa da Jaurlaritzaren arduradunak saiatu direla kontrolak saihesten LANBIDEn bere sorreratik; horretarako Zuzenbide Pribatuko Ente Publiko gisa eratu zuten, eta, nahiz eta Erakunde Autonomo bihurtu, berdin jarraitu dute, haien txiringitoa izango balitz aritu dira: legediari itzuri egin diote eta ohitura bihurtu dute lanpostuak esleitzea edo aldaraztea, inongo lege-prozedurarik errespetatu gabe. Horrela, egindako bidegaberiak salaketa ere galarazi digute, haien jarduketen erregistroa ere ez baitaukagu.

Erabat onartezina da LANBIDE izanik enpleguaren ardura duen erakunde publikoa, bere langileen lan-baldintzen iruzurgilerik handiena izatea. Zer nolako bermerik izango dugu gainerako langileok ondo aholkatuak izateko, horretaz arduratzen diren langileek ez badute ez gutxieneko egonkortasunik, ez administrazio-bermerik ezta segurtasunik ere?

ELAk erantzukizun politikoak exijitzen dizkie gorago aipaturiko pertsona eta erakunde guztiei, iruzurra egite dietelako bai LANBIDEko langileei bai gizarte osoari.

Premiazkoa da neurriak hartzea, premiazkoa da bidegabekeria honen arduradunak aldatzea; baina beharrezkoa litzateke, aldi berean, egindakoagatik —edo ez-egindakoagatik— erantzutea. Hori dela eta, fiskaltzaren esku jarriko ditugu salatutako egintza guztiak. Gure ustez, hori da modu bakarra bukatzeko legeekiko mesprezuarekin —beraiek onarturiko legeak— eta langileen eskubideei egiten dieten iruzurrarekin. Horrela, finean, zerbitzu publikoaren efizientzia defendatzen dugu, beti ere objektibotasunetik eta inpartzialtasunetik.

ELA sindikatuak, LANBIDEko langile guztiekin batera, jarraituko du mobilizatzen eta gertaera larri hauek salatzen, Eusko Jaurlaritzak eta LANBIDEko zuzendaritzak beren langileen eskubideak errespeta ditzaten lortzeko.

Bestalde, Eskualde mailako eta inguru deprimituetarako Enplegu-Planen bilakaera salatu du ELAk.

Irakurri txostena

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: