Arratsaldean ere jendetza handia atera da murrizketei ezetz esatera

Iturria: Berria.info – 2012/09/26

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazio jendetsuak egin dituzte eguerdian; ELAren arabera, 105.000 lagun manifestatu dira eguerdian. Arratsaldean eskualdekako manifestazioak dituzte antolatuta sindikatuek. Eguerdiko manifestazioaren ondoren bezala, istilu handiak sortu dira arratsaldean Iruñean, Sarasate pasealekuan.

Arratsaldean ere jendetza handia atera da kalera Hego Euskal Herrian, murrizketen aurkako greba orokorraren harira. Eguerdian 105.000 pertsona zenbatu ditu ELA sindikatuak: Donostian 30.000, Bilbon 30.000, Gasteizen 25.000 eta Iruñean 20.000. Arratsaldeko protestak ere oso jendetsuak izan dira dozenaka herritan. Istiluak sortu dira, eguerdian bezala arratsaldean, Iruñean.

Sindikatu deitzaileetako ordezkariak Bilboko protestan izan dira eguerdian. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eskerrak eman dizkie grebarekin bat egin dutenei, eta murrizketei aurre egiteko modu bakarra mobiizazioa dela gaineratu du. “Bake soziala nahi dute, gure eskubideen aurka gudan dauden bitartean; belauniko jarri nahi gaituzte”, salatu du. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak planto egiteko eskatu die politikariei.

Jendetza handia batu da goizeko manifestazio guztietan. Hainbat zutabe atera dira auzoetatik, eta, ondoren, manifestazio nagusia osatzeko bildu dira. Poliziak oso gertutik zaindu ditu manifestazioak, eta Iruñean protesta handiak sortu dira martxaren amaieran, Poliziak kargatu egin baitu. Ke poteak eta pilotakadak bota dituzte manifestarien aurka, Sarasate pasealekuan. Arratsaldean ere leku horretan bertan lehertu dira istiluak. Eserialdia egiten ari ziren pertsonei oldartu zaie Polizia.

“Greba orokorrek eta mobilizazioek ez dutela ezertarako balio pentsarazteko abilezia dauka sistemak, eta pertsona askok hori pentsatzen du”. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, ordea, grebari eraginkortasun handia ikusten dio: “Lorpen sozial guztiak borrokan lortu dira, mobilizatuz eta kalera ateraz”. Horregatik, orain gizartea mobilizatzen ez baldin bada “txikitu egingo gaituzte”, haren esanetan. Greba orokorrak tresna baliagarriak direla esan du, eta botere ekonomiko eta politikoak sortzen duen “beldurrari” aurre egiteko mobilizazioarekin erantzun behar zaiola aldarrikatu. “Beldurra sortzen ez badute, ez dira ezer; eurentzat beharrezkoa da”.

Hori dela eta, beldurrak uxatzeko bidea “kolektiboki” egin behar delako, gaur kaleak hartzeko deia egin diote gizarteari ELA, LAB, ESK, CNT, CGT, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek eta hainbat eragile sozialetako ordezkariek.

Herenegun egin zuten agerraldi bat sindikatuek, herritarrei dei egiteko. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “beharrezkoa da erantzuna antolatzea”. Gaurkoarekin, bosgarren greba deialdia izango da krisi ekonomikoa hasi zenetik, eta ibilbide horretan mugimendu sozialek eta sindikatuek egin duten lana nabarmendu du Etxaidek: “Une honetan inork gutxik defendatzen du politikan egindako murrizketek emaitzak izango dituela”. Horrez gain, gogorarazi du multzo sozial “handi batek” amore ez emateko jarrera erakutsi duela.

Gutxieneko zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak herenegun argitaratu zuen greba egunean bermatu beharreko gutxieneko zerbitzuen dekretua. Besteak beste, %30eko zerbitzuak ezarri ditu garraio publikoetan. Espainiako Sustapen Ministerioak, ordea, zehaztu du Renfeko aldiriko trenetan zerbitzuen %75 bermatuko dituela puntako orduetan, eta %50 gainerakoan.

Lan egiteko eskubidea defendatu du Confebaskek

Gaurko greba orokorrak “lanerako eskubidea egikaritu nahi dutenengan” eraginik ez izateko eskatu du Confebaskek. Patronalak nabarmendu du aukeratzeko askatasuna “beste edozeren gainetik” egon behar dela, eta lanera joatea erabakitzen dutenek horretarako bermeak izan behar dituztela. Grebaren kontra ere egin du Confebaskek; “enpresei krisitik ateratzeko ahaleginetan lagundu” behar zaiela esan du: “Enpresak dira gure ekonomia, ongizatea eta enplegua sostengatzeko berme bakarra, eta horiei kalte egitea da egin dezakegun akatsik larriena”. Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, greba egiteak “ez du ezer konpontzen; areago, okertu egiten du”, esan du Confebaskek.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du indartu egingo duela polizia taldea. 5.000 ertzain arituko dira lanean.

Ezkerreko hainbat alderdik “borroka” egitera deitu dute

Alternatiba, Antikapitalistak, Aralar, Equo eta Gorripideak taldeek “borroka eta desobedientzia zibila” aldarrikatu dituzte, eta gaurko grebarekin bat egiteko deia egin dute. Salatu dute PPren neurriekin herritarrak eskubiderik gabe geratuko direla, eta ordu gehiagoz lan egin beharko dutela.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: